Tentsio handiko eremu izendatzeko lehen pausoa eman du Ordiziako Udalak
Ordizia tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzea eskatuko du udalak, "etxebizitzaren arazoari irtenbide eraginkor bat" emateko helburuarekin. Horretarako, lehenengo urratsa etxebizitzari buruzko diagnostikoa egitea da, eta gaur, azterketa horren emaitzak aurkeztu ditu herritarren aurrean.

Ordizia tentsio handiko bizitegi izendatzea eskatuko du udalak, “etxebizitzaren arazoari irtenbide eraginkor bat” emateko helburuarekin. Horretarako, lehenengo urratsa etxebizitzari buruzko diagnostikoa egitea da, eta gaur, azterketa horren emaitzak aurkeztu dira herritarren aurrean.
Adur Ezenarro alkateak nabarmendu duenez, “izendapen hori lortzea ez da eskaera automatiko bat. Udal bakoitzak bi lanketa egin behar ditu. Lehenengo etxebizitzaren diagnostikoa deitzen zaiona egitea da, gaur aurkeztu duguna. Eta bigarrenik, ekintza plan bat ere prestatu beharra dago. Bi dokumentu horiek izango dira aurkeztuko ditugunak, Eremu Tentsionatu izendapena lortzeko”.
Diagnostikoaren helburu nagusia da, “frogatzea edo ziurtatzea” Ordiziak betetzen dituela Eremu Tentsionatu izendapena lortzeko bi baldintzetako bat gutxienez. “Horietako bat da, azkeneko urteetan alokairuaren eta etxebizitzaren salmentak izan duen igoera hori KPIa baino handiagoa izatea. Kasu honetan, diagnostikoaren ondorioa da baldintza hori betetzen dela”.
Bigarren baldintza da, “familiek beraien diru sarreren %30a baino gehiago erabili behar izatea etxebizitzaren gasturako”. Kasu horretan, “pixka bat azpitik gaude, %24aren inguruan gabiltza Ordizian”. Baina “ñabardura” bat badu diagnostikoak: “Egia da, familia eredu desberdinak ditugula eta kontuan hartzen badugu familia bikote tradizional batean, biek lana egiten duten kasuan, %24a da emaitza. Baina emakumeen errealitatea aintzat hartzen badugu portzentajea igotzen da eta emantzipatu nahiko lukeen pertsona bakar baten kasuan, %40tik gorakoa da. Beraz, nahiz eta baldintza hori ez bete, ondorioak hor daude”.
Ekintza plana ekaina-uztailerako amaitu nahi dute. “Aukera desberdinak aztertzen ari gara. Lehenengo aukera da babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea, alokairuan. Hor bide bat irekita daukagu. Baina badaude ekintza gehiago: laguntza zuzenak ematea emantzipaziorako, etxebizitza zaharrak eraberritzeko, alde zaharraren eraberritze horri buelta bat emateko…”. Beste ildo batzuk ere ari direla aztertzen nabarmendu du Ezenarrok: “Hainbat merkataritza lokaletan egoitza erabilera aldaketa sustatzea, auzo askotan dauden 70ko hamarkadetako etxeetako arkupeak irisgarriak izan daitezkeen etxebizitza berriak egiteko aztertzea…”. Garbi du, “hain konplexua den gai bati ezin zaio neurri batekin bakarrik erantzun”.
Neurriak hartu
Tentsio-handiko izendapena lortzeak, “etxebizitza merkatuan eragiteko zenbait neurri hartu ahal izateko aukera” emango lioke udalari. Eskaera hori egiteko, diagnosi bat osatu behar da aurrena, eta ondoren, ekintza plan bat. Hala, lehenengo pausoa eman du dagoeneko udalak, diagnostikoa aurkeztuta.
Izan ere, “datu demografikoek, sozioekonomikoek eta etxebizitzaren erabilera datuek aditzera ematen dute Ordiziako etxebizitza parkea azken urteetan presio handia jasaten ari dela eta etxebizitza eskaria oso handia dela, eta aurreikuspenen arabera, bai presio hori eta bai eskariek goranzko joera izango dute”.
Diagnostikoaren hainbat ondorio
Diagnosi horretan jasotzen denez, azken bi hamarkadetan Ordiziaren biztanleria hazkundea nabarmena izan da. 2000. Urtean 9.089 biztanle izatetik, 2024an 10.716 biztanle izatera pasa da, %15,2ko hazkunde demografikoarekin. Hazkunde honen atzean, migrazio saldo positiboa, bizi-itxaropena luzatzea eta ohikoa baino jaiotza tasa altuagoa daude, besteak beste. Datozen 15 urteei begirako prospektiba ere jasotzen du diagnosiak, eta horren arabera, 2040rako biztanleriaren %8,6ko hazkundea aurreikusten da; hala, 11.600 biztanle inguru izatera iritsiko litzateke Ordizia.
Gazteei eta hauen emantzipazio-mailari ere arreta berezia jarri dio diagnosiak. Izan ere, Ordizian 2.121 gazte bizi dira, biztanleria osoaren %19,8, eta batez ere 18-34 urte artekoek, zailtasun handiak izan ohi dituzte etxebizitza eskuratzeko. Adin tarte horretako %38,5 dago emantzipatuta.
Etxebizitza beharrei eta eskariari dagokionean, 2024ko uztailean Ordizian 411 etxebizitza eskaera zeuden aktibo, mila biztanleko 38,4 eskaera. Eskaeren ezaugarriei dagokionean, bi datu orokor azpimarratu behar dira: lehena, eskaera guztien %74,9 Ordizian erroldatuta dagoen jendeak egin dituela. Eta bigarrena, eskaeren %89,5 alokairu eskaerak direla. Zentzu horretan, Ordizian alokairuan dauden bizikidetza-unitateen kopurua nabarmen hazi da, eta etxebizitza beharren datuek ere joera hori berresten dute.