Larunbatean jokatu zen proba, Euskal Herriko automobilismo denboraldiari hasiera emanez. Alberto Marcos-Garazi Beitia taldeak bigarren egin zuen sailkapen nagusian, eta lehena izan zen 5. Klasean. Xabier-Mujika-Igor Velascok ere lehen postua egin zuten 4. Klasean, eta Jon Etxeberria-Mireia Saizar taldeak ere bai Formula Librean.
Aurreikuspenak beteta, Aitzol Apalantzak eta Olatz San Miguelek osatutako taldeak irabazi zuen Bosteko Eskuderiak antolatutako Gabiria-Legazpi rally-sprintaren 27. edizioa. Alberto Marcos eta Garazi Beitia goierritarrak izan ziren bigarrenak, eta Ibon Otaegi eta Leire Odriozolak hirugarrenak. Klaseko sailkapenetan goierritar gehiago igo ziren podiumera.
Euskal Herriko automobilismoaren irekitzen zuen proba larunbatean jokatu zen, eguraldi bikainaz lagunduta, eta Gabiria eta Legazpi lotzen dituen errepidearen bazterretan zaletu ugari zirela. Goizean eta iluntzean ere giro paregabea izan zen Legazpiko plaza inguruan, bertan egin zirelako lasterketa hasi aurreko egiaztapen teknikoak, eta amaieran Azokan banatu zirelako sariak. “Oso motor egun polita izan zen”, laburbildu dute antolatzaileek, eta eskerrak luzatu dizkie boluntario, komisario, federazioko kide eta babesle guztiei, “zuek gabe ez zen posible hau egitea”.
Faboritoak irabazle, eta goierritarrak podiumean
Aitzol Apalantza eta Olatz San Miguel ziren proba irabazteko faboritoak, eta espero bezala, podiumeko gailurrera igo ziren. Skoda Fabia RS bat zuten, eta denborarik onena egin zuten proba osatzen zuten lau erlojupekoetan, 30 segundo baino gehiagoko aldea lortuz. Bigarren postuan Alberto Marcos zumarragarra eta Garazi Beitia urretxuarra sailkatu ziren, BMW M3 batekin, egun osoan zehar oso azkar ibilita. Podiumeko azken maila Ibon Otaegik eta Leire Odriozolak lortu zuten, BMW M3 E46 ikusgarriarekin.
Sari banaketa ekitaldiak klasekako sailkapenekoak ere aipatu ziren, eta horien artean goierritar gehiago izan ziren. Hala, Alberto Marcos-Garazi Beitiak sailkapen nagusian bigarren egiteaz gain, lehenak izan ziren 5. Klasean. Xabier-Mujika-Igor Velascok ere lehen postua egin zuten 4. Klasean, eta Jon Etxeberria-Mireia Saizar taldeak ere bai Formula Librean.
Klasekako sailkapena:
1 Klasea: Eneko Fuentes-Asier Urkiza
2 Klasea: Aitor Saizar-Paloma Mújica
3 Klasea: Mikel Artola-Marta Avendaño
4 Klasea: Xabier Mujika-Igor Velasco
5 Klasea: Alberto Marcos-Garazi Beitia
6 Klasea: Aitzol Apalantza-Olatz San Miguel
9 Klasea: Iñaki Alberdi-Izar Aranguren
H1 Klasea: Aitor Irazabal-Ander Bikandi
Formula librea. Jon Etxeberria-Mireia Saizar