Primi Murgiondo omendu dute Legazpiko bertso-afarian
Bertso-Olariak bertso eskolak urtero antolatzen du urte hasieran, eta Murgiondok joateko ohitura zuen. Iaz hil zen.

Legazpiko Bertso-Olariak bertso eskolak Andoni Rekondorekin eta Nerea Elustondorekin joan den ostiralerako antolatutako afarian iaz hil zen Primi Murgiondori omenaldia egin zioten. Murgiondo urtero joaten zen bertso eskolak urte hasieran antolatu ohi duen bertso-afarira, eta bertsolarien atsedenaldian, Anttoni eta Antton kantua kantatzeko ohitura zuen. Aurtengoa Primirik gabeko bertso-afaria izan da, baina bere omenez kantatu zuten abestia. Gainera, Elustondok, gaia jarrita, oso bertso hunkigarriak kantatu zizkion. Bestelakoan, oso bertso-afari alaia izan zen.
Bertso-Olarien bertso afaria Laubide jatetxean egiten da urtero, eta hango jangelan bertan kantatu duten bertsolarien argazkiak daude eskegita. Horma horretan Primi Murgiondoren argazkia ere jarriko dute Etxeberria jabeek. Gorka Salmeron ilobak egindako argazkia da, eta bertso eskolako kideek egindako bertsoa gehituko diote.
ARGAZKIA ETA BIDEOA: Nekane Gonzalez