Doinuako musikariek hasi dituzte Legazpiko inauteriak
Ostegun Gizeneko ohiko kalejira egin dute herriko erdigunean, eta dantza saioa eskaini dute plazan. Bihar da mozorro egun handia.

Doinua musika eskolak zirkuari eskainitako kalejirarekin, hasi dira inauteriak Legazpin. Ostegun Gizena besterik ez da, eta igandera arte, egunero izango jai hauetaz gozatzeko aukera.
Musika eskolako ikasleen eta irakasleen eguna izan da gaurkoa. Agirre-etxeberritik abiatuta, ohiko kalejira egin dute herriko erdigunean, mozorrotuta eta musikaz lagunduta. Sanikutz kaletik, plazaraino joan da lehenik konpartsa berezi hori, eta udaletxeko balkoian suziria bota ondoren, dantzarako tartea ireki dute. Ondoren, musika eskolara itzuli dira Kale Nagusian behera joanda, eta han amaitu da gaurko festa.
Baina Legazpiko inauteriak hasi besterik ez dira egin. Bihar izango da egun handia, besteak beste ikasleen desfilearekin eta herritarren mozorro festarekin. Larunbatean gazteek hartuko dute erreleboa inauterien ospakizunetan, eta igandean Sustraiak taldearen herri konpartsaren eguna izango da, aurtengo jaiak itxiko dituena.
Desfilea 16:00etan, eta Lintx 17:15ean
Ikasleen mozorro desfilea 16:00etan hasiko da. Haztegi ikastolakoak ordu horretan irtengo dira jolastokitik eta Kale Nagusitik Euskal Herria plazara joango dira, baina aurretik, 15:00etan, ikastolako patioan elkartuko dira, taldekako argazkiak ateratzeko. Domingo Agirre eskolakoak ere ordu berean aterako dira, baina Urbeltz pilotalekutik, 15:00etan hasitako jaialdia amaitu eta gero; Olazabaleko ikasleekin batera Plazaola kaletik Kale Nagusira joan, eta plazaraino joango dira.
Urtero bezala, desfile koloretsua eta alaia izango da. Haztegi ikastolako ikasleek moda kontuak aukeratu dituzte mozorrotzeko, eta Domingo Agirrekoek Euskal Herriko festak irudikatuko dituzte, besteak beste San Fermin, Donostiako piraten festa, alardeak eta kaldereroak.
Desfilea amaitzeko, plazan elkartuko dira ikastetxeetako ikasle guztiak 16:40 inguruan, eta hainbat dantza egingo dituzte denek batera. 17:16ean, Legazpiko inauterien hasiera iragarriko duten Lintx eta katamaloei ongi etorria egiteko ekitaldia hasiko da udaletxe ondoan. Trapalata txaranga izango dute ondoan pertsonai horiek, eta ekitaldia amaitzean, kalejiran ibiliko dira Legazpiko musikariak herriko erdigunean.
Alaitasuna errondailak hartuko dio erreleboa txarangari 19:00etan, eta mariatxi doinuekin alaituko dituzte kaleak.
Bitartean, mozorroz eta karrozaz betetzen joango da herria, goizaldera arte luzatuko den kaleko festari hasiera emanez. Taberna barruetan ere izango da giroa, baita Aitxuri jatetxean ere, garai bateko Slader diskoteka bihurtuko delako gauerdian, herritar guztiei zabaldutako disko festa eskainiz.
Larunbatean jarraituko dute inauteriek, gazteek olinpiadei eskainitako festa-egunarekin, eta igandean Sustraiak taldearen 35. konpartsaren eguna izango da.
Gazteen olinpiadak
Larunbata Legazpiko Gazte Asanbladak antolatutako inauteriari eskainitako eguna izango da. Aurten olinpiaden gaia aukeratu dute mozorrotzeko gazteek. Eguerdian hasiko dute festa, Gaztetxean egingo duten bazkariarekin, eta kalera aterako dute gero, arratsaldean.
Gauean. kontzertuak izango dira Gaztetxean, 22:30etik aurrera. Saihetsak eta Irten-Bide taldeek joko dute lehenik, eta Maikiño DJ-aren saioarekin amaituko dute.