Ilintiren inauterietan, zinemara
Filma ezagunak gogoratuz apaindu dituzte Legazpiko dendak. Inauterietan erosketak egiten dituztenen artean, Latxartegi zinemarako sarrerak zozkatuko dituzte.

Ilinti merkatarien elkarteak zinema jaialdi bat antolatu du aurtengo inauteriak ospatzeko, eta saltoki bakoitza filma desberdin bat izango da, kartel eta alfonbra gorri eta guzti. Harry Potter, Cabaret, Alfred Hitchcock, 101 dalmata, Up, Ozeko aztia edo El jardin de la alegria dira dendetan irudikatu dituzten filma eta pertsonaietako batzuk.
Kanpaina hau gauzatzeko, Zine Klub Legazpirekin kolaboratu du Ilintik, eta zinemarako sarrerak oparituko ditu egun hauetan erosketak egiten dituztenen artean. Inauterietako asteartean, Latxartegi zinemarako bi sarrera zozkatuko dituzte denda bakoitzean.
Ilintik deialdia egin die herritarrei dendek osatu duten zinema karteldegi osoa bisitatzeko: «Herriko saltokiek herriko festari egiten dioten ekarpenaz gozatzeko, legazpiarroi hainbeste gustatzen baitzaigu festa horretan parte hartzeko, baita zinemara joateko ere, aretoa irekita eduki ahal izan dezagun!».