Zaintzaren ibilbidea, alor horretan jarduten duten herritarrak omentzeko
Zegamako emakumeen taldeak sustatu du proiektua. Pascuala Legorburu herritarra gogoratuko dute. Martxoaren 8rako antolatutako egitarau zabalaren parte da zaintzaren ibilbidea.

Martxoaren 8rako egitarau betea antolatu du Zegamako emakumeen taldeak. Iaz hasitako ibilbideari jarraituz, larunbatean jai giroan egingo dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren aldeko aldarriak.
Zegamako emakumeen taldea sortu eta herrian aurrera eraman duten lehendabiziko lanketa garrantzitsua izan da herriko zaintzaren mapa osatzea, Farapi elkarteak herriko zaintzari buruz egindako lanketa batetik abiatuta. Mapa oinarri hartuta, Zaintzaren ibilbidea osatu dute martxoaren 8rako, herrian zaintza mota ezberdinak egiten diren lekuak identifikatu eta gero. Ibilbidea sinbolikoa izango da «herriko zaintza guneak bistaratzeko, baina baita zaintza hori egiten duten emakume eta gizonezkoei aitortza egiteko ere», esan du Ainhoa Herrasti Zegamako Udaleko Berdintasun zinegotziak.
Sei gune, sei geldialdi
Mapan identifikatutako zaintza gune ezberdinetatik sei aukeratu dituzte ibilbidea osatzeko. Plazan elkartuko dira 11:00etan eta udaletxe aurrean egingo dute lehendabiziko geldialdia; bertsoak kantatuko dizkiete udaletxeko langileei, «herritarrei ematen dieten zerbitzua eskertzeko». Ondoren, eguneko zentroan elkarrizketa bat egingo diote bertako langile bati. Handik Santa Barbara kalean dagoen Coviran supermerkatura joango dira, «herriko merkataritzan egiten den zaintza irudikatzeko». Parlamentuan egingo dute laugarren geldialdia. Attamarre auzoan dauden bi bankuri eman dioten ezizena da Parlamentua, «adineko emakumeen bilgune» delako. Frontoia zegamarren bilgune nagusietako bat da, «batez ere euria egiten duenean». Bertan, guraso eta seme-alaben arteko zaintza irudikatuko dute sinbolikoki.
Jose Maiora plazan amaituko dute ibilbidea eta bertan, Pascuala Legorburu Maiora zegamarra oroitu eta aitortza egingo diote. Iker Zubeldia alkateak idatzitako bertso batzuekin amaituko dute ibilbidea. Musikaz lagunduta eta festa giroan egingo dute ibilbidea. Tartean, herritar ezberdinekin solasaldiak egiteko denbora ere hartuko dute eta bide batez, bertaratzen direnei proiektuaren nondik norakoak azalduko dizkiete.
Zaintzaren ibilbideko guneak plakaz seinalatuko dituzte, gerora ere edozeinek identifikatu ditzan. Behin ibilbidea amaituta, elkarretaratzea egingo dute 12:30ean plazan eta bazkaritara elkartuko dira gero. Bazkalostean, 14-15 urte arteko neska zegamarrez osatutako Norabide taldearen aurkezpen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da.
Pascuala Legorburu Maiora Zegaman jaio zen 1824an. Jose Maioraren senidea izan zela uste da, baina ez dago horri buruzko datu zehatzik. Seguran zegoen San Juan eta Magdalena benefizentzia etxean artatzen zituzten behartsuei laguntzeko fundazio bat sortu zuen. Hil aurretik, 40.000 pezetako dohaintza egin zien herriko parrokiari eta Segurako benefizentziari «12 pertsonentzako oinarrizko beharrak asetzeko: jatekoa, arropa, oinetakoak, etab».
Emakume aurreratua izan zen Pascuala bere garairako eta lan asko egin zuen Jose Maiorak bezala, herriko jendeari orokorrean eta behartsuei bereziki laguntzeko. Ez zuen oinordekorik izan, ordea, eta hil ondoren herriko historiak bere izena ahaztu zuen, ez hala, Jose Maiorarena —ustezko senidearena—, eta plazari bere izena eman zioten.
Historiak kendu ziona erreparatu asmoz, Zegamako emakumeen taldeak gogora ekarriko du Pascuala larunbatean eta gainontzeko zegamarrei bezala aitortza egingo diote, gainontzekoen zaintzara eskainitako urteak eskertzeko.