Carmen Etxeberria izan da Gipuzkoako 25. Ezti Lehiaketako irabazlea
Bigarren saria Irungo Itziar Lopezentzako izan da, eta hirugarrena, Urretxuko Aitor Prietorentzako.

Erlezain Egunaren baitan, aurten ere, Gipuzkoako Ezti Lehiaketa ospatu dute Zegaman. 25. edizio honetan, Carmen Etxeberria bergararraren eztia izan da garailea. Iker Zubeldia alkateak eta Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak eman diote saria. Bigarren ezti hoberenaren aitortza Irungo Itziar Lopezentzat izan da. Rafa Gorrotxategi gozogileak eta Denis Perez zinegotziak eman diote saria. Hirugarren postua, berriz, Goierrin geratu da. Urretxuko Aitor Prietorentzako izan da aitortza, eta Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendariak eta Mahala etxeko Jokin Arrospidek eman diote saria.
Egitarau oparoa
Ekintza desberdinak egiteko aukera izango da egun osoan zehar Zegaman. 10:00etatik aurrera artisau-azoka, bigarren eskuko erlezaintzako materialen salmenta eta Gipuzkoako Gozogile onenen produktuen erakusketa egon dira kiroldegian. Horiez gain, txistulariak ere kaleak alaitu dituzte goizean. Beste ekintza batzuen artean, 10:00etan Erlearen Bila orientazioa jolasa egiteko aukera izan da Anduetza parketxean. Ondoren, gozozaleenek, Rafa Gorrotxategik eztia erabiliz egindako txokolatinen dastaketa eta txokolate tailerrean parte-hartzeko aukera izan dute bi txandatan: 10:30ean eta 12:30ean. 13:00etan Aitxuri Herri Eskolako ikasleei zuzendutako marrazki-lehiaketako sari banaketa egin dute, eta jarraian, 25. Gipuzkoako Ezti Lehiaketako sari banaketa. Ondoren, gozokien doaneko banaketa ere egin dute.
Arratsaldean ere ez da aspertzeko betarik izango. Kasino Elkarteak bertso-jaialdia antolatu du Zegamako Udal Kultura Batzordearen babesarekin. Bertsolariak, Alaia Martin, Andoni Egaña, Eneko Araiztegi, Aratz Igartzabal, Aner Peritz eta June Aiestaran izango dira, eta Amaia Agirre ibiliko da gai-jartzaile lanetan. 18:00etatik aurrera izango da bertso saioa, Aitxuri Herri eskolako Gimnasioan.



























































