Kirolak eta festak bat egin dute Legazpin
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko kirolariak elkartu dira Atzegik antolatutako Kirola Elkarrekin festan. Zortzi kirol modalitate praktikatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek.

Atzegi elkarteak Kirola Elkarrekin festaren 13. edizioa ospatu du goizean zehar Legazpin. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 500 kirolari elkartu dira bertan, eta zortzi kirol modalitate praktikatzeko aukera izan dute. 09:30ean Legazpiko Udalak eta Atzegik ongietorria eman die bertaratutakoei, eta jarraian, kirol jarduerekin hasi dira. Bikuña kiroldegia izan da ekintza gehienak bildu dituen gunea; bertan, saskibaloia, igeriketa, indoor zikloa eta zumba egiteko aukera izan da. Beste kirol batzuen artean, futbola eta pala ere egin dituzte parte-hartzaileek, lehena Irene Paredes futbol zelaian, eta bigarrena, Urbeltz pilotalekuan. Horiez gain bola-jokoa ere egin du zenbaitek, Mauleon Hoteleko bolatokian, eta aire zabalean ibiltzea gustoko duenak ere, Barrendiola-Beain mendi martxa egiteko aukera izan du.
Kirola Elkarrekin
Kirol mailan pertsona guztien inklusioa bultzatzea du helburu Kirola Elkarrekin festak, eta bertan, dibertsitate funtzionala duten zein ez duten kirolariak elkartzen dira. Kirol topaketa hau udaberriaren atarian egin ohi da, eta azken urteetan, Legazpin ospatu da. Herrian oso harrera ona duen ekintza bilakatu da, eta herritar eta elkarte ugari inplikatzen dira egun hau ospatzeko. Azken edizioetan bezala, aurten ere Izadi Zaleak mendi taldeko kideak, Legazpi Igeri Elkartekoak, Ilintxa futbol klubekoak, Legazpiko Gazteak Pilota Eskolakoak, Danantzako bola elkartekoak, Andraitz saskibaloi klubekoak eta Askatuak Saskibaloi taldekoak izan dira bertan, Atzegirekin batera.
Goizeko kirol jardunaren ostean, bazkaria egin dute Gizartea Zentroan, eta lauetan, berriz, agurra zein autobus irteerak izan dira.













































































































