Gazte festak, estrainekoz
Herriko gazteen ekimenez ospatuko dira Zeraingo Gazte festak, larunbatean. Zeraingo Gazte Taldea herriko giroan eragiteko bokazioz sortu zuten 2023an.

Gazte Festak antolatu dituzte lehenengoz, larunbat honetarako Zerainen. Orain urte eta erdi inguru sortu zen Zeraingo Gazte Taldearen ekimenez antolatu dute festa. Herri kirol txapelketa, sagardo dastaketa eta kontzertuek osatuko dute egitaraua. Bertako gazteak ez ezik, inguruko herrietatik ere jendea erakarri nahi dute. Ondo bidean, urtero errepikatzeko bokazioz jaio da gazteei zuzendutako festa hau.
«Herriko egoerarekin kezkatuta eta nazkatuta» zeudelako hasi ziren zeraindar gazteak antolatzen, Oihane Lazkanoiturburu taldeko kideak esan duenez. 2023ko iraila zen, elkartu eta talde bat osatzeko ideia gorpuzten hasi zirenean. «Gatazka politiko handi baten erdian dago herria, bitan banatuta eta konturatu ginen gazteok ere nahi gabe elkarrengandik aldentzen ari ginela; ez guk hala aukeratuta, herriko giroak zuzenean eraginda baizik», azpimarratu du.
Gazte taldea, hortaz, elkarren arteko harremanak sendotzeko helburuarekin sortu zuten, «gure artean ekintzak antolatzea harremanak berreskuratzeko aitzakia izan zitekeela pentsatu genuen. Ez dugu atzetik datozen belaunaldiek herrian gertatzen ari dena beren gain hartzerik nahi», dio.
Andra Mari jaiak
Gabonetako eskea edo gazte saskiaren zozketa antolatu dituzte udalarekin edo herriko beste kultur elkarteekin elkarlanean, besteak beste: «Herritar guztientzako festak antolatzeko dirua biltzeko». Izan ere iazko Andra Mari jaiak gazteek antolatu zituzten lehenengoz. Ordura arte, festetan ere banaketa agerikoa zen, «10 urteetan gertatu gabe zegoena lortu genuen iaz. Pauso txikiak dira. Gure helburua bada herriko giroa hobetzea baina asko dago egiteko eta hori guk ez dugu konponduko».
«Gatazka politiko handi baten erdian dago herria, bitan banatuta eta konturatu ginen gazteok ere nahi gabe elkarrengandik aldentzen ari ginela»
Oihane Lazkanoiturburu. Zeraingo Gazte Taldea
Gazte Festak antolatzea izan dute hurrengo erronka. Bitarte honetan taldea «ofizializatzeko pausoak» eman dituzte eta jada elkartea ere badira. Hori ospatzeko aitzakian antolatu dituzte Gazte Festak antolakuntza osoa beren gain hartuz. «Zeraingo festak ere udan izaten dira, data konplikatuak dira eta guztiok elkartzeko beste asteburu bateko festa antolatu dugu», esan du.
Herri kirolak, hasteko
Ostiral arratsaldean, hurrengo egunerako dena prest uzteko hitzordua egin dute gazteek. Larunbatean, berriz, Idiazabal, Segura eta Zeraingo gazteen herri kirol txapelketarekin (18:00) emango diote hasiera festari. Harri altxatzea, oskol biltzea, korrika, zakua eramatea, txingak, trontza eta ingudearekin aritu beharko dute. Ondoren, sagardo dastaketa izango da (19:00) Dj Oixanik girotuta.
Ostatu eta Mandio tabernetan ogitartekoak afaltzeko aukera izango da eta gauen (22:00) Irtenbide eta Muxutruk taldeen kontzertuak izango dira, gazteek barra jarriko dute beste ekintza batzuetarako dirua irabazteko. Ondoren, festa luzatu nahi duenarentzat, Liztormendi elkartean musika jarriko dute goizaldera arte. Igandean dute azkeneko hitzordua gazteek: «dena jaso eta herria txukuntzeko».