23. Lore eta landare azoka egin dute Seguran
10 ekoizlek jarri dituzte lore, landare eta barazkien postuak. Landareez gain, artisau eta bestelako produktuak erosteko aukera ere izan da.

Udaberria hastearekin batera, kolorez jantzi da beste urte batez Segurako plaza. Aurtengoa, lore eta landare azokaren 23. aldia izan da, eta oraingoan ere, lore, landare, hazi eta barazki-landareen erakusketa eta salmenta izan dira nagusi. Hala ere, landareez gain, bestelako produktuak erosteko aukera ere izan dute bertaratu direnek: gazta, eztia, belarritakoak edota erropa, besteak beste. Goierriko ekoizleen artean, Segurako Aldatagoiena lorategikoak eta Zaldibiako Iñaki Azalza izan dira azokan. Artisauen artean, berriz, Mutiloa, Segura eta Zeraingo ekoizleak egon dira behi eta ardi gaztak, eztia eta taloak saltzen.
Azokako postuez gain, fruta arboletan egin daitezkeen txerto mota ezberdinen inguruko zalantzak argitu ditu Josu Osa adituak 10:30etik 14:00etara; eta Ataungo Sandra Madutxak, artilezko loreak egiten ikasteko ikastaroa egin du 11:00etatik 12:30era.



























