Lehia estua izan da Emakumezkoen V. Igartzako Sarian
Denera, hiru mailatan banatutako 468 txirrindularik hartu dute parte: kadeteak, junior-master mailakoak eta elite-23 urtez azpikoak. Kadete mailan laugarren postua lortu du Naxara Odriozola beasaindarrak.

Emakumezkoen V. Igartzako Saria jokatu da goizean Beasainen. Espainiako Kopako lasterketa izanik, Espainiar estatu osoko txirrindulariak elkartu dira Goierrin. Denera, hiru mailatan banatutako 468 txirrindularik hartu dute parte: kadeteak (143), junior-master mailakoak (151) eta elite-23 urtez azpikoak (173).
Junior-master mailako ziklistak izan dira irtetzen lehenak. Juniorretan Irati Aranguren izan da zirkuitua amaitzen azkarrena, eta Alejandra Neira iritsi da ondoren. Hirugarren postua Lidia Castro de la Sernarentzako izan da. Master mailan, Ursula Ospina izan da helmugaratzen lehena. Segidan, elite-23 urtez azpiko ziklisten txanda izan da. 23 urtez azpiko podiuma Joelle Amelie Messemer, Diana Smirnovak eta Natalie Revelo Bossanok osatu dute. Elite mailan, berriz, Eukene Larrarte Arteaga, Isabella Anna Bertold eta Laura Gomez Ramon izan dira lehen hirurak. Kadeteak izan dira irtetzen azkenak. Lluna Jimenez izan da irabazlea eta Valera Piñol bigarrena. Hirugarren postua Carla Bañulsek irabazi du. Naxara Odriozola beasaindarra izan da helmugaratzen laugarrena.
2023. urteko Kopa irabazi zuen Oneka Sanchez beasaindarra ere tartean izan da. Berak eraman du lehen beasaindarraren aitortza elite-23 urtez azpiko mailan. ASMUBE elkarteak eman dio saria.
Ibilbidearen xehetasunak
23,4 kilometroko ibilbidea prestatu du Beasaingo Loinatz Txirrindulari Elkarteak eta maila bakoitzeko txirrindulariek ibilbide honi itzuli bat, bi edo hiru eman behar izan dizkio. Kadete mailakoek itzuli bat eman diote; junior eta master mailakoek, berriz, bi itzuli eman dituzte ibilbide horretan, 48,1 kilometro osatu arte; eta 23 urtez azpikoek eta elite mailakoek, aldiz, 73 kilometro egin dituzte, hiru itzuli eginez ibilbide horretan.
Ibilbideak Beasain izan ditu abiapuntu eta helmuga, baina Goierriko zenbait txokotatik igaroko da, izan ere, Beasaindik abiatu eta Ormaiztegira joan dira txirrindulariak, ondoren, Lierni igo eta Mutiloara jaitsi dira, eta bertatik, Ihurretik pasaz, Olaberria igo dute. Lazkao aldetik jaitsi eta Beasainen eman diote amaiera itzuliari.





























































