Ordizian, Euskaraldiarekin bat
IV. Euskaraldian parte hartzeko izen-ematea sustatzeko argazkia atera dute Ordizian.

Ordiziako Plaza Nagusian argazki kolektiboa atera dute gaur arratsaldean hainbat herritarrek eta eragilek, maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo den IV. Euskaraldian parte hartzeko izen-ematea sustatzeko helburuarekin. Norbanakoek zein elkarte edo erakundeek har dezakete parte Euskaraldian.
Aurten, Ordizian bada berritasun bat, Euskaraldia Hika egiteko aukera baitago. Euskaraldian izena ematerakoan Ahobizi edo Belarriprest rola aukeratzeaz gain Euskaraldia Hikan parte hartu nahi den ala ez erabaki beharko da. Euskaraldia Hikan parte hartzen duenak, txaparen gainean H pegatinatxoa jarri beharko du.
H pegatinaren esanahia ondorengoa da: Nahi baduzu, nirekin Hika egin dezakezu.