«Etxeko karrera da, eta ea motibazio horrekin sentsazioak berreskuratzen ditudan»
Itzulia prestatzen egin ditu egun batzuk Kanariar Uharteetan, eta gaur da etxera itzultzekoa Ormaiztegiko txirrindularia. Zaldibiatik Lazkaomendira igotzeko sarrera horretan "gerra" egongo dela nabarmendu du.

Bost aldiz igo da Euskal Herriko Itzuliko podiumera Ion Izagirre (Ormaiztegi, 1989). Hirutan izan da hirugarren –2015, 2017 eta 2023–, behin bigarren (2022) eta 2019an irabazle. 2021ean eta 2022an etapa bana irabazi zuen. Kanarietan egonaldia eginda, gaur itzuliko da etxera, eta Itzuliaren aurretik Indurain Sari Nagusian lehiatuko da etzi –bitan garaile, 2016an eta 2023an–.
Tropeleko inor gutxik bezala ezagutzen du «etxeko lasterketa», baina zalantza du bere sasoiarekin. Australian hasi zuen denboraldia urtarrilean, Down Under Tourrean, otsailean Algarveko Itzulian lehiatu zen, eta martxoan Italian, Strade Bianchen eta Tirreno-Adriatikon. «Orain arte erakutsi dudan mailan ez da onena izan, eta nire dudak dauzkat. Kanarietan ondo entrenatu dut, ondo sentitu naiz, baina Italian ez naiz puntan ibili, eta bi-hiru astetan ezin da mirari handirik egin».
«Lazkaomendira igotzeko sarrera hori oso estua da, oso estresagarria izango da, denok aurrean egon nahiko dugulako. Hor egongo da gerra»
Ez du helburu zehatzik jarri nahi. «Etxeko karrera da, eta ea motibazio horrekin sentsazioak berreskuratzen ditudan». Goierriko etaparen bukaeraz aritu da. «2014an igo nuen Gaintza Ordiziako etapan, baina oraingoan urruti dago helmugatik, eta gero ordeka dezente Zaldibiaraino. Lazkaomendira igotzeko sarrera hori oso estua da, oso estresagarria izango da, denok aurrean egon nahiko dugulako. Hor egongo da gerra».