Legazpik badu 2030era arteko Klima eta Energia Plana
Udaleko Gobernu Batzordeak onartu ondoren, atzo aurkeztu zuten dokumentua. Diagnostiko batetik abiatuta, bost proiektu nagusi eta zortzi lerro estrategikoetan biltzen diren 70 ekintza zehatz jasotzen ditu.

Legazpiko 2024-2030 Klima eta Energia Plana onartu berri du Udal Gobernu Batzordeak. Atzo eman zituzten dokumentuaren xehetasunak udaleko Oscar Valbuena eta Susana Torregarai Garapen Iraunkorreko zinegotziak eta teknikariak, eta plana diseinatzeko udalak kontratatu duen Barrizar enpresako Oier Begiristainek, udaletxean egindako aurkezpenean.
Valbuenak zehaztu zuenez, «datozen urteetan trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren erronkei aurre egiteko udalerriak jarraitu behar duen ibilbide orria da» plan hau.
Diagnostikotik abiatuta
Barrizar enpresaren laguntzarekin, diagnostiko batetik abiatuta, ekintza zehatz batzuk planteatu ditu udalak Legazpiko 2024-2030 Klima eta Energia Planean.
Begiristainek diagnostikoa egitekotan kontuan hartutako arloak azaldu zituen. Batetik, herriko klima eta ezaugarri naturalak aztertu zituzten, eta horien barruan baso, ur eta haize aldetik dagoen potentziala neurtu zuten. Ondoren, udalerriko azterketa energetikoa egin zuten, eta sektore ezberdinetan kontsumitzen den energia mota eta kantitatean jarri zuten fokua. Energia mota eta kontsumo horri isuri baliokideak aplikatu zizkioten gero, jakiteko urtean zenbat emisio sortzen duten. Puntu honetan garrantzia eman zioten sektore publikoari, «azken urteetan hainbat ekintza burutu dituelako, eta eraginkortasun eta berriztagarrien aldetik instalazio batzuk dituelako eginda dagoeneko».
Pobrezia energetikoaren aldagaia ere aztertu zuten, «baina udalerri mailan oraingoz ez dago» eta Gipuzkoako datuak erabili zituzten. Isurien azterketan beste sektore batzuk ere aztertu zituzten, eta ikusi dute industriarena eta mugikortasunarena direla isurien aldetik inpaktu gehiena eragiten dutenak.
Klima aldaketak dituen ondorioen azterketa ere egin zuten, besteak beste prezipitazioak eta tenperaturak neurtuta, horien proiekzioak ezagutzeko.
Helburuak
Gai horiek guztiak aztertu ondoren, helburu kuantitatiboak eta ez kuantitatiboak finkatu zituzten. Azken horien artean, Legazpik 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzea, klima aldaketara egokitzeko gaitasuna handitzea, eta pobrezia energetikoa murriztea daude.
Kuantitatiboki, berriz, energiatik sortutako isuriak %55 murriztea, energia kontsumoa %12 murriztea, eta berriztagarrien kontsumoa %32ra iristea dira helburuak. Administrazio publikoan, gainera, berriztagarrien kontsumoa %32koa izatea eta energia kontsumoa %35 murriztea proposatu dute.
Diagnostikoa eginda eta helburuak finkatuta, Legazpiko 2024-2030 Klima eta Energia Plana diseinatu dute, bost proiektu estrategikoetan eta 70 ekintza zehatzetan banatuta.
Bost proiektu eta 70 ekintza
Planaren bost proiektu estrategikoak Susana Torregaray teknikariak aurkeztu zituen. Hauek dira: klima aldaketaren irizpideak hirigintza planifikazioan txertatzea, Ezkurrenea birgaitzea pasive house estandarretan oinarrituta, udalerrian energia komunitateak ezartzen laguntzea, Junetorri autobus zerbitzua hobetzea eta deskarbonizatzea, eta Arrobi mendiko habitaten CO2a xurgatzeko ahalmena handitzea.
Ekintzak, berriz, zortzi lerro estrategikoetan daude banatuta. Hauek dira:
1. Energia eraginkortasuna: Instalazioetan eta eraikinetan energia eskaria murrizteko ekintzak
2. Energia berriztagarriak: Iturri berriztagarrien energia sorkuntza eta kontsumoa murrizteko ekintzak.
3. Mugikortasun iraunkorra : Mugikortasun elektrikoa eta aktiboa eta iraunkorra sustatzeko ekintzak.
4. Ekonomia zirkularra: Kontsumo arduratsua, hondakinen prebentzioa eta hondakinen kudeaketa hobetzeko ekintzak.
5. Arrisku klimatikoa: Udalerria klima aldaketaren ondorioetara prestatzeko eta ondorio horiek arintzeko ekintzak
6. Biodibertsitatea: Biodibertsitatea babesteko eta hobetzeko ekintzak, landa eremuan eta hiri eremuan.
7. Pobrezia energetikoa: Udalerrian pobrezia energetikoa murrizteko ekintzak.
8. Prestakuntza eta sentsibilizazioa: Prestakuntza, informazioa eta sentsibilizazioa sustatzeko ekintzak.
Herritarren partaidetza
Valbuenak, azkenik, plan honek bost miloi eurotik gora suposatzen dituela esan zuen, «inbertsioak, zerbitzu berriak edo garatu beharreko proeiktuak» kontuan hartuta. Administrazio publikoak baliabideak jarri beharko dituela ere zehaztu zuen, eta alde horretatik gogoratu zuen udaleko garapen jasangarriko eta trantsizio energetikoko sailak gidatzen duela, baina hirigintza, gizarte zerbitzuak, landa garapena edo garraio publikoa ere inplikatzen dituela. «Beraz, proiektu transbertsala da, udal administrazio osoa inplikatzen duena».
Baliabide propioekin finantzatuko da, baina beste administrazio batzuetako laguntzak ere jasoko ditu.
Ugassa eta Sasieta erakundeak aipatu zituen amaitzeko, «plan hau garatzen lagunduko digutelako, ekintza zehatz batzuetan bereziki», herritarrekin batera. Batetik, gaiaren inguruko inkesta bat egin zen herritarren artean, eta bestetik, Agenda 2030eko foroan ere landu zen.
«Legazpik etorkizun iraunkorrago eta justuago baterantz aurrera finko egin dezala nahi dugu, baina horretarako guztion partaidetza behar da».