Bi aldiz Euskadiko onena judoan
Unax Larraza legazpiarrak Euskadiko judo txapelketa irabazi berri du haur mailan. Titulu horrek, hilaren 26an eta 27an Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera eman dio. Judo Legazpi klubeko kidea da, eta iaz ere irabazi zuen Euskadiko titulua.

Unax Larraza Arrizabalaga gazte-gaztea da (Legazpi, 2011), baina dagoeneko bitan izan da Euskadiko judo txapeldun. Iaz lortu zuen lehen aldiz titulua, haur mailako lehen urtean, eta hil honen hasieran bigarrena, haur mailako bigarren urtean. Gasteizen jokatutako txapelketetan irabazi duen urrezko dominak Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera eman dio. Datorren astean jokatuko da, hilaren 26an eta 27an, Huescan.
Larraza «oso pozik» dago, baita Judo Legazpi klubean entrenatzaile duen Asier Berasategi ere: «Urteak ziren Legazpiko judoa horrelako mailara iristen ez zela!». Iazko txapelketan bere ikasleak hiru borroka egitea lortu zuela gogoratu du, «eta Espainiako txapelketa batean lehenengo borroka irabaztea eta beste bi egiteko aukera izatea egundoko lorpena da». Aurten «apurtxo bat hobeto egitea espero» dute. Horrela bada, podiumera iristeko aukerak ere badituela zehaztu du entrenatzaileak.
Txapelketa Huescan izanda, Legazpitik nahiko gertu, familia ere joango zaio ikustera Larrazari. Kluba bidaia antolatzeko asmotan ere badabil.
Judoa, taldeko kirola
Txikia zela hasi zen judoan Larraza, 5-6 urterekin. «Kirola egin nahi nuen, eta futbola, saskibaloia eta eskubaloia gustatzen ez zitzaizkidanez, hau probatzeko esan zidaten gurasoek». Eta gustatu egin zitzaion. Taldekoa baino, bakarkako kirola nahiago zuen nonbait; «baina judoa bakarkakoa da alde batetik, eta aldi berean, oso taldekoa ere bai, askoren laguntza behar duzulako aurrera egiteko».
Berasategik zoriondu egin du hausnarketa horregatik: «Saskibaloian baloi bat eta kanasta bat nahikoa dituzu zure trebetasunak hobetzeko, baina judoan, bikoterik gabe ezin duzu ezer egin, beti behar duzu baten bat». Horregatik dio judoa ere taldeko kirola dela, «besteak baino gehiago, agian». Entrenatu ere, taldeka egiten dute, «baina Unaxen mailan bakarkako saioak ere behar dira, entrenamendu espezializatuagoak, teknikoagoak», zehaztu du. «Judo saioetara datozenen artean denetik dago, eta txapelketa bat jokoan duenari indar gehiago, borroka gehiago, prestakuntza fisiko handiagoa… eman behar zaio».
Entrenamenduak orokorrean oso gustuko ditu Larrazak: «Egunerokotik deskonektatzen laguntzen dit, eskolatik, eskolaz kanpokoetatik…». Gazte honentzat judoa ez da eskolaz kanpoko jarduera: «Ez da ingelesa bezala, adibidez, gustura
go nator, entretenigarriagoa da, eta ez da betebehar bat». Gainera, taldekideekin oso ondo konpontzen da, maila guztietakoak izanda ere, eta neskak edo mutilak izanda ere. «Edozein egoeratara moldatzen da ondo», dio Berasategik.
Eta dohain hori ondo etorriko zaio Gipuzkoako Federazioak antolatutako entrenamendu berezietara joateko garaian. «Haur mailakoa izan arren, Euskadiko txapelketa irabazita, aukera dauka prestaketa berezi hori jasotzeko».
Horixe da, hain zuzen, orain judoka gazteak eta entrenatzaileak Espainiako txapelketari begira duten helburua, eta ondo prestatzeaz gain, ez lesionatzea eta ez gaixotzea