Udaberria Transloratzen, Ordizia transformatzeko
Bosgarren 'Udaberria Transloratzen, Ordizia Transformatze'n zikloari ekin diote Ordizian. LGTBI+ kolektiboaren errealitatea ezagutarazi eta LGTBIfobiaren aurkako kontzientzia zabaltzea du helburua. Ekitaldi sorta antolatu dute.

Maiatzarekin batera, bosgarren Udaberria Transloratzen, Ordizia Transformatzen zikloari ekin diote Ordizian, LGTBI+ kolektiboaren errealitatea ezagutarazi eta LGTBIfobiaren aurkako kontzientzia zabaltzeko helburuarekin.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak gogoratu duenez, Zinegoak zinema jaialdiaren eta Ondarroan bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi gaztearen harira, “duela bost urte antolatu genuen aurrenekoz Udaberria Transloratzen; konpromiso batetik sortutako ziklo bat izan zen eta konpromiso horri helduz urtez urte errepikatzen duguna. Oso kontziente baikara gizartearen begirada transformatzeko erronka horri oraindik ere heldu behar diogula”.
Gizartea sentiberatze lanean, adin desberdinetako herritarrentzako ekitaldiak antolatu dituzte.
Ikastetxeetan eman diote zikloari hasiera, DBHko ikasleei LGTBIfobiaren aurrean kontzientziatzeko tailerrak eskainiz.
Ostiralean, berriz, Xerka argazki erakusketaren inaugurazioa eta hitzaldia izango dira Barrena Kultur etxean. Erakusketa horretan Euskal landa eremuko LGTBI+ komunitatearen istorio eta erretratuak ikusteko aukera izango da. Hitzaldia Joseba Olagaraik eta Martxel Larrazak egingo dute. Gonbidatu berezi bat izango da gainera: Xarma Leone ordiziarra. Erakusketa maiatzaren 16ra arte egongo da ikusgai.
Haurrengana ere gerturatu nahi dute, eta liburutegiko arduradunekin batera, maiatzaren 12an, 17:00etan, Maite Frankorekin Printsesak maite zituen printsesa ipuin kontaketa antolatu dute 5-7 urte bitarteko haurrentzat.
Liburutegian gainera, LGTBI+ liburuen txokoa ere sortuko da hilabete honetan zehar.
Maiatzaren 13an, Mer Gomez idazlea izango da Udaletxeko Batzar Aretoan. Las Hermafroditas del siglo XXI liburuaren harira, intersexualitatearen inguruko tailer bat antolatu nahi izan dute. Bertan parte hartzeko izen ematea gaur bertan irekiko dute.
Euskal Trabestien ikuskizuna
Maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, “dagoeneko ohitura bilakatu den ikuskizuna” izango da Plaza Nagusian, 19:00etatik aurrera: Euskal Trabestien Showa. “Guretzako hau ikuskizun bat baino gehiago da. Izan ere, Udaberria Transloratzen bezalako zikloen helburu nagusia gizartearen gehiengora iristea dela esan badugu ere, askotan zaila da jendea gerturatzea eta antolatutako hitzaldietan partea hartzea. Ikuskizun honek herriko plaza hartzen du. Eta horrek balio erantsi bat duela uste dugu. Isilaraziak izan diren horiei ahotsa emateko modua ere bada”, argitu du Ainhoa Jimenezek.
Azkenik, maiatzaren 29an, Herri Antzokian, 18:30ean, Zinegoak film laburren jaialdiarekin itxiko da aurtengo Udaberria Transloratzen.
Ostiralean, maiatzaren 9an, 19:00etan, Barrenan, Xerka argazki erakusketa eta hitzaldia egingo ditu Xerkak. “Euskal Herriko landa-eremuko bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen dituen ‘Xerka’ fotokazetaritza proiektuak, eta LGTBI komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du”.
Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek egingo dute Xerka hitzaldia emango dute Ordizian. Gonbidatu berezia izango dute: Markel Galdeano (Xarma Leone) ordiziarrak ere bere lekukotza eskainiko du. Solasaldiaren ondoren, maiatzaren 16ra arte, argazki-erakusketa ikusgai egongo da kultur etxean.
Hitzaldian, hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi-esperientziak ezagutaraziko dituzte. Ekimenak, hain zuzen, helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa-eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio sexu-orientazioa edo genero-identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte-ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBI pertsonen migrazio behartuari.