Buen Pastor ikastetxeko ikasle ohien peskizan dabil Lenbur
Erakusketa bat du ikusgai 1960-1970. hamarkadetako argazkiekin, eta ikasleak identifikatu nahi ditu. Asteburuetan daude ikusgai, Kolegioko kaperan.

Garai bateko Legazpiko Buen Pastor ikastetxeko ikasleen argazkiak oinarri hartuta, bigarren erakusketa muntatu du Lenbur Fundazioak Mutilen Kolegio hari eskainita. Duela hilabete batzuk ikusgai izan zuten Fabrika bat, ikastetxe bat: Buen Pastor erakusketaren jarraipena da oraingoa. Lehenengoan, Aurelio Gonzalez gidaria zela, ikastetxeko hainbat material zahar erakutsi zuten, baina batez ere, argazkiak, makina bat ikasle promoziotako argazkiak.
Bigarren erakusketa honetan ere argazkiak dira ardatza, Kolegioaren azken promoziokoak, eta helburu handi batekin daude ikusgai: argazkietan agertzen diren mutil gazteak identifikatzea, eta guztiei izena jartzea. Horretarako, herritarren laguntza ezinbestekoa izango da, eta herritarrei eskola zaharreko kaperatik pasatzeko eskatu diete antolatzaileek, argazkiak ikusi eta identifikazio han horietan laguntzeko.
Erakusketa honek Buen Pastor du izenburu, eta asteburuetan dago zabalik, hau da, ekainaren 1era bitarteko ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan. Ordutegia 18:00etatik 20:00etara izango da ostiraletan, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara larunbatetan, eta 11:30etik 13:30era igandeetan.
1960-1970 hamarkadak
Lehenengo erakusketarako zortzi argazki album jarri zituzten ikusgai antolatzaileek, 1942-1943 lehen ikasturtetik hasi, eta 1976-75 ikasturtera arteko ikasleenak. Buen Pastor izandako eraikinean bertan jarri zuten erakusketa, oraingo Haztegi ikastolan museo bihurtuta dauden bi aretoetan, eta bertatik 1.200 pertsona baino gehiago igaro ziren. Ikusle askori esker, ikasturte haietan Kolegioan ikasten ibili ziren ehunka mutil gaztetxo identifikatzea eta bakoitzari bere izena jartzea lortu zuten. Erakusketarako materiala lortzeaz arduratu zen Aurelio Gonzalezi asko lagundu zioten zeregin horretan Juan Luis Aseginolazak eta Migel Gurrutxagak.
Baina ikasle asko identifikatu gabe geratu ziren, «batez ere 1960 eta 1970 hamarkadetakoak», zehaztu du Gonzalezek, azken promozioetakoak. Eta azken ikasturte horietako identifikatu gabeko ikasleen izenak lortu nahi dituzte orain. Izan ere, Lenbur Fundazioak, eskolatik pasa ziren ikasle guztiekin album bat osatu eta liburu bat egiteko interesa dauka, eta «pena izango litzateke izen guztiak ez agertzea».
Hori dela eta, «eta banan-banan jendeari argazkiak erakusten ibili beharrean», publiko osoari irekitako erakusketa batean bildu dituzte. «Eta herritarrei eskatu nahi diegu argazkiren batean bere burua edo ondokoak ezagutzen badituzte, horren berri emateko». Horretarako espresuki prestatu dituzte argazkiak, bakoitza bere siluetarekin eta zenbakiekin, txukun-txukun izenak ondo idatzi ahal izateko. Erakusketan zaindari bat ere egongo da, eta horren laguntza izango dute bertaratzen direnek.
Buen Pastor, mutilen eskola
Buen Pastor ikastetxea Patrizio Etxeberriak sortu zuen herriko haur pobreentzat eta, bereziki, bere lantegiko langileen semeentzat. Santikutz kalean zegoen, eta Kristau Eskoletako Anaiek edo salletarrek kudeatzen zuten, oinarrizko heziketa eskainiz. Buen Pastor eskola 1942ko urriaren 26an inauguratu zuten, 196 ikaslerekin. Ordutik, Legazpiko makina bat mutil igaro ziren bertatik ikasteko.
Mutilen eskola hura zegoen eraikinean Haztegi ikastola dago gaur egun, eta bertan, museo bihurtuta eta Lenbur Fundazioak kudeatuta, oraindik kontserbatzen dira garai hartako ikasgela bat eta eskolako kapera.