Dantzaren asteburua
Gaur hasi eta igandera bitartean, dantza asteburua ospatuko dute Ordizian. Igandean dantzari txikiak elkartuko dira Ordizian eta Beasainen.

Dantza beteko asteburua izango dute Ordizian, Amets Bide dantza taldeak antolatuta. Gaur, 19:00etan, Herri Antzokian, Jantzari: Tradizioa eta parekidetasuna dokumentala ikusteko aukera izango da. Jone Guenetxeak eta Carlos Iglesiasek Iurretako emakume dantzarien parte-hartzea eta genero ikuspegitik dantzaren munduan egin diren urratsak aztertu dituzte.
Zortzikoa, bihar
Bihar, urteroko Zortzikoaren bueltan elkartuko dira Ordiziako 82 dantzari eta txistulariak. Barrenako parkean 19:00etan dute lehenengo hitzordua. Kalez kale dantzan aritu ondoren, Plaza Nagusian egingo dute amaierako ekitaldia, 20:00etan. Udaletxeko batzar aretoan egingo duten sinadura ekitaldiarekin amaituko da.
Dantzari Txikiak
Igandean Dantzari Txiki egunak dira Ordizian eta Beasainen. Ordizian, 10:45ean Barandiaran plazan elkartuko dira Amaiur (Iruñea), Amets Bide (Ordizia), Herri Ametsa (Donostia), Iztueta (Zaldibia), Murixka (Lezo), Oin Arin (Lazkao), Axari (Idiazabal) eta Goruntz (Gabiria) taldeetako dantzariak. Kalez kale aritu ondoren, alardea 13:15ean egingo dute Barandiaran plazan. 14:00etan, frontoi txikian denek elkarrekin bazkaldu eta 15:30ean haur jolasak izango dira. 18:00etan, azkenik, Plaza Nagusian, Tio Teronen Semeak konpainiaren Haurreskolari ikuskizuna izango da.
Beasainen, berriz, Oin Arin (Lazkao), Anitz (Anoeta), Irrintzi Alai (Legorreta), Otsoak (Ataun), Lurra (Urretxu), Ereintza (Orera), Txori Txiki (Zumaia), Ostadar (Beasain) eta Aurtzaka (Beasain) taldeak 10:45ean Dolarea parkean elkartu eta kalez kale aritu ondoren, 13:15ean egingo dute ekitaldi nagusia plazan. 16:30ean, Eingo taldearekin dantzaldia izango da Erauskin plazan.