Legazpiraino iritsiko dira Goierri-Donostia lineako hainbat autobus
Astelehenetik aurrera, goizeko lehenengo bi autobusak eta iluntzeko bi azkenak Legazpin hasi eta amaituko dira. Urritik aurrera maiztasun handiagoa izango du zerbitzuak.

Datorren astelehenetik aurrera, maiatzak 26, Legazpiraino iritsiko da Goierri eta Donostia lotzen dituen autobus zerbitzua. Goizeko lehen bi autobusak eta arratsaldeko azken biak Legazpira joan eta bertan amaituko dira. Legazpiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hilabeteetan autobus linea berri honen inguruan izandako izandako hartu-emanen emaitza da zerbitzuaren luzapena.
Legazpiko Udaleko ordezkariek gogoratu dute linea berria joan den urtearen amaieran iragarri zuela Foru Aldundiak, eta apirilean jarri zuela martxan, Zumarragatik abiatuta. Hasiera batetik, udalak zerbitzua Legazpitik hastea eskatu zuen, “eskualdearen buruan duen kokapena kontuan hartuta, besteak beste”. Hasiera batean, Aldundiak konpromisoa hartu zuen aukera hori aztertzeko, edo legazpiarrei Zumarragan autobus aldaketa eginez zerbitzu hori erabiltzeko modua emateko. “Azkenean zerbitzu hau ezarri zen, eta hobekuntza hori egonda ere, udalak behin eta berriz aldarrikatu zuen nahikoa ez zela”.
Azkenean, “elkarrizketak eta erakundeen arteko lankidetzak” emaitzak izan ditu, eta astelehenetik Legazpitik irten eta Legazpin amaituko dira hainbat autobus Udalak aurreratu duenez, gainera, urrian “udalerrirako beharrezkoak diren zerbitzu gehiago” jarriko dituzte, “Aldundiko Mugikortasun Departamentuak egingo duen beharrezko eta logikoa den azterketaren ondoren”.
Eric Galvez alkatea “pozik” azaldu da zerbitzu berriaren inguruan “lortzen ari garenarekin”. Esan duenez, “etengabeko lana izaten ari da, eta uste dugu lortutako hau aurrerapauso garrantzitsua dela herritarrentzat”. Gainera, Aldundiari, garraio publikoko zinegotziari eta gobernu taldeari egindako lana eskertu die, “guztion artean hobekuntza hori lortu dugulako “. Bestetik, Aldundiko mugikortasun- sailak egingo duen azterketaren emaitzen zain daudela adierazi du, “uda ostean Legazpik behar dituen zerbitzuak izan ditzan”.
Ordutegiak:
IRTEERAK LEGAZPI (Urola industrialdea) – DONOSTI
– Astelehenetik ostiralera: 6:05ean eta 7:05ean
– Larunbat, igande eta jaiegunetan: 8:05ean
DONOSTIA-LEGAZPI IRTEERAK
– Astelehenetik ostiralera: 20:45ean eta 21:45ean
– Larunbat, igande eta jaiegunetan: 22.45ean