UEMAko kide izatea erabaki du Ormaiztegiko Udalak ere
Aho batez hartu zuen erabakia udalbatzak atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran. Udalerri euskalduna den arren, “euskararen galera handiagoa da irabazia baino”, UEMAk egindako irakurketaren arabera.

Ormaiztegi izango da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko 118. udalerria. Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran hartu zuen UEMAko kide izateko erabakia Ormaiztegiko Udalak, aho batez. Ekainaren 14an egingo du UEMAk aurtengo lehen batzar nagusia, Azkoitian, eta orduan aztertuko ditu herri berrien eskaerak; Ormaiztegirenaz gain, baita Donamariarena, Ibarrangelurena, Mundakarena eta Mutiloarena ere. Bost herri horiek onartuz gero, 118 udal izango ditu UEMAk, eta guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute.
UEMAko kide izateko erabakiak babes zabala jaso du Ormaiztegin. Aho batez onartu dute ebazpena alkatetza duen Ormaiztegi Batzen taldeak eta EH Bilduk; guztira, bederatzi zinegotziek. Ormaiztegin, 1.266 biztanle zituen iaz.
Soziolinguistikoki, udalerri euskalduna da, euskararen indizea %76,9koa baitu. Hala ere, badago aldea euskararen gaitasunaren (%37,6), lehen hizkuntzaren (%59,1), eta etxeko (%52) zein kaleko (%57,5) erabileren artean. “Datu horiek kontuan hartuta, herri euskalduna izan arren, nagusitasunik gabekoa da. Bilakaera aztertuta, euskararen galera handiagoa da irabazia baino, eta egoera hori iraultzeko beharrezkotzat jo du udal gobernuak, UEMAko gainerako udalerriekin elkarlanean eragiteko, batik bat herritarren ahalduntzean eta sentsibilizazioan”, dio UEMAk Ormaiztegiko euskararen erabilera buruz egindako irakurketak.