Mutiloako Udalak UEMAko kide izatea onartu du
Ekainaren 14an, Azkoitian egingo duen urteko batzarrean berretsi beharko du orain udalaren erabakia UEMAk. Ormaiztegiko Udalak ere aukera aztertuko du datorren asteko osoko bilkuran.

Mutiloako Udalak UEMAko kide izatea onartu du. Asteazkenean arratsaldean egin zen osoko bilkurara eraman zuen gaia udalbatzak eta aho batez erabaki zuten UEMAko kide izatea, udalbatzarra osatzen duten Mutiloako Herri Kandidaturako hautetsi guztien aldeko botoekin. Erabakia Euskaraldia hasi bezperan hartu dute.
Iñaki Ugalde Mutiloako alkatea “pozik” agertu da hartutako erabakiarekin, “hemendik aurrera UEMArekin eta gainerako herri euskaldunekin batera elkarlanean hizkuntza politika ausartagoa lantzeko” aukeraren aurrean.
Ohiturak aldatzen ari dira
253 biztanle zituen iaz Mutiloak. Herri euskalduna da Mutiloa, baina hizkuntza ohituretan aldaketan sumatzen ari dira. Garai bateko arnasguneen bilakaera argi erakusten du, beraz, Mutiloak: ezagutza altuko udalerria izan arren, beste hainbat aldagaik agerian uzten dute euskararen aldeko hizkuntza politika aurreratuaren beharra, herritarren ahalduntzean eta hizkuntza ohituretan eragiteko. “UEMAko kide izateko erabakia orain hartu dugu, une hau gakoa dela uste dugulako. Euskararen ezagutza handia da Mutiloan, baina beste herri batzuetan bezala erabilera portzentajeak beherako joera duela ikusten ari gara”, azaldu du Ugaldek.
Soziolinguistikoki euskara indizea % 91,4 da Mutiloan, baina ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero, lehen hizkuntzaren (% 70) eta etxeko erabileraren (% 52) datuak behatuz gero. “Udalerri euskaldun askotan gertatzen ari den galera ez dugu sumatzen bereziki Mutiloan. Herritar gehienek dakite euskara, baina datuak lehen hizkuntzaren eta etxeko erabileraren beheranzko joera erakusten digute. Azken batean, Mutiloan ere euskaldunen profila aldatzen ari da eta hori etxeko erabilera apalagoan ikusten da. Euskaraz jakin arren, euskara ez da lehen hizkuntza hainbatentzat eta horrek, gero, erabileran eragiten du”, dio alkateak.
Besteena eredu
Horren jakitun, udalbatzarra osatzen duten Mutiloako Herri Kandidaturako zazpi hautetsiek bat egin zuten udala UEMAko kide izatearekin, besteak beste, herritarren ahalduntzean eta erabileran eragiteko UEMAren esperientzia bidelagun izango dutelakoan. “UEMAk duen ibilbidea lagungarria izango da urrats berriak emateko. Horretan herritarren kontzientziazioa oso garrantzitsua da”, amaitu du.
Mutiloarekin batera, Donamariak (Nafarroa) eta Mundakak (Bizkaia) ere onartu dute UEMAko kide izateko erabakia aste honetan bertan. Ormaiztegik eta Ibarrangeluk (Bizkaia) datorren asteko osoko bilkuretan aztertuko dute gaia. Ekainaren 14an egingo du UEMAk aurtengo batzar nagusia Azkoitian, eta orduan aztertuko ditu herri berrien eskaerak. Bost herri berriak onartuz gero, 118 udal izatera iritsiko da UEMA eta guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko luke.