Egoitz Galdos, Gipuzkoako txapeldun arku-ehiza ibilbideetan
Legazpiarrak arku konposatuaren modalitatean irabazi zuen txapela, Legazpiko Kimu-berri aterpearen inguruan larunbat goizean jokatutako txapelketan. Arku tradizionalean Mikel Arantzabalek irabazi zuen,

Egoitz Galdos legazpiarrak irabazi du Gipuzkoako arku-ehiza ibilbideen txapelketa, arku konposatuaren modalitatean. Legazpin jokatu zen txapelketa larunbat goizean, Kimu-berri aterpearen inguruetan, eta arku tradizionalaren modalitatean, Mikel Aranzabalek irabazi zuen txapela. Bi txapeldunek iazko txapelketetan lortutako titulua berretsi zuten Legazpin.
Gipuzkoako ehiza federazioko kide diren hamaika arku-ehiztarik eman zuten izena larunbateko txapelketarako, eta Bizkaiko beste batek ere parte hartu zuen, baina txapelerako aukerarik gabe. Izena emandakoen artean, zazpik arku konposatuaren modalitatean parte hartu zuten, eta bostek arku tradizionalarenean.
Antolakuntzak sei proposamen edo ibilbide prestatu zituen, eta ehiztariak launako hiru taldeetan banatuta lehiatu ziren. David Guerreiro, Daniel Hueso eta Jose Ignacio Sarasua izan ziren epaileak. Lehia 09:45 inguruan hasi zen, eta 13:30ean amaitu. Sari banaketa ekitaldia Kimu-berri aterpean egin zuten.
Sailkapena:
Arku konposatuan:
1. Egoitz Galdos (190 puntu)
2. Peio Olano (165 puntu)
3. Mikel Gorrotxategi (144 puntu)
Arku tradizionalean:
1. Mikel Aranzabal (165 puntu)
2. Joxeba Gesalaga (84 puntu)
3. Rafael Ugarte (63 puntu)

Arku tradizionaleko podiuma: Mikel Aranzabal lehena, Joxeba Gesalaga bigarrena, eta Rafael Ugarte hirugarrena