Unai Zabalok Euskadiko selekzioarekin parte hartu du Espainiako txirrindularitza paralinpiarraren txapelketan
Laugarren egin du iraupen proban, podiumetik 30 segundo eskasera, eta seigarrena sailkatu da erlojupekoan. Guillermo Prieto olaberritarra bosgarrena geratu da iraupenekoan, Zabaloren atzetik.

Unai Zabalo Murillo legazpiarra laugarren postuan sailkatu da txirrindularitza paralinpiarraren Espainiako txapelketan, iraupen proban. Euskadi selekzioak hautatuta parte hartu du txapelketan, eta erlojupekoaren proban ere parte hartu du, seigarren geratuz. Legazpiko txirrindularia MC4 kategorian lehiatzen da.
Ostiraletik igandera bitartean jokatu dira txirrindularitza egokituko Espainiako Errepide Txapelketak Lugon, Galizian, eta Zabalo Euskadiko Selekzioaren izan da bertan, beste zazpi txirrindularirekin.
Zabaloren taldekideen artean Guillermo Prieto olaberritarra zegoen, eta horrek bosgarren egin zuen proba berean.
Selekzioko gainerako kideak Markel Alonso, Ander Albizu, Imanol Arriortua, Oskar Garro, David Mouriz eta Eñaut Pagola ziren. Ander Albizuk urrea irabazi zuen iraupen proban, MC kategorian.