Judo Legazpi ikasturte berria prestatzen hasi da
Judo jolasak egingo ditu larunbatean Hegialdeko jaien barruan, kirol hori ezagutzera emateko, eta Haztegi ikastola atzeko aretoko aterak irekita ditu, probatu nahi dutenentzat. Ikasturte berrian Domingo Agirreko kantxarako talde bat osatu nahi dute.

Judo Legazpi kluba datorren ikasturteari begira jarrita dago, eta izena emateko epea irekitzearekin batera, hainbat jarduera prestatu ditu kirol hori ezagutzera emateko helburuz. Izena eman nahi dutenek www.judolegazpi.com webgunean edo Bikuña kiroldegian jarrita dagoen kartelaren Qr kodea eskaneatuta egin dezakete. Webgunean dago ordutegiei buruzko informazio guztia, info@judolegazpi.com helbidera idatzita edo 660 831 481 zenbakira deituta ere eskatu daiteke.
Datorren ikasturtean talde berri bat sortzeko asmoa du judo klubak. 2018an eta 2019an jaiotako gaztei zuzenduta egongo da taldea, eta entrenamenduak Domingo Agirreko kantxan izango lirateke.
Jolasak eta ate irekiak
Eta judoa zer den ezagutzera emateko, hasteko, larunbat honetan, judo jolasak egingo ditu klubak, Hegialdeko jaien barruan. Jolas saioak Domingo Agirre ikastetxeko kantxan izango dira, 10:30etik aurrera, eta 2018, 2017, 2016, 2015 eta 2014 urteetan jaiotako guztiei zuzenduta daude, baita gurasoei ere. Parte hartzeko kirol arropa jaintzata eraman besterik ez da egin behar.
Bestetik, hilaren 19ra arte, Haztegi ikastolako atzeko gimnasioko saio guztiak ateak irekita daudela egiten ari dira. Horietara, nahi duten guztiak joan ahal izango dira, eta aukera izango dute judoa probatzeko. Ez da beharrezkoa judoko trajea edukitzea.