Beasaingo EAJk "gaitzespenik irmoena" adierazi du jaietako gertakarien aurrean eta EH Bildu kritikatu du udal adierazpena ez duelako sinatu
Beasaingo Loinatz jaien barruan izandako gertakariaren aurrean erreakzio zaparrada izaten ari da. Atzo, arratsaldeko lehen orduetan, udalean ordezkaritza duten EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiek adierazpena egin zuten gertakaria gaitzesteko. EH Bilduk ez zuen udal adierazpena sinatu, baina gertakariaren aurrean “adostasun eza” agertu zuen. Orain, Beasaingo EAJ-k, ondorengo adierazpena egin du bere aldetik, udal adierazpena sinatzeaz gain:
BEASAINGO EAJ-PNVren ADIERAZPENA
Beasaingo EAJ-PNVk bere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du herriko jaietan jazotako gertakarien aurrean. Izan ere, bi polizia txosnetatik kanporatu zituzten zerbitzutik kanpo zeudela. Ekintza hori guztiz bidegabea, baztertzailea eta bateraezina da alderdi gisa defendatu nahi ditugun balioekin.
Beasainen ez dago diskriminaziorako lekurik. Ezin da inor baztertu, ez eta inor seinalatu, bere lanbideagatik ezta edozein kolektibotako kide izateagatik. Gure jaietan nork parte hartu dezakeen erabaki dezakeela uste duena oker dabil, herriz eta garaiz.
Beasaingo EAJ-PNVtik errespetuan, askatasunean eta inklusioan oinarritutako elkarbizitza-eredua defendatzen dugu. Horregatik, argi eta garbi babesten dugu Udalean onartutako adierazpena; txosna batzordeari eskatzen diona gertatutakoa gaitzestea , biktimei barkamena eskatzea eta horrelakorik berrio ez errepikatzeko konpromisoa hartzea.
Udalean ordezkaritza duten lau alderdietatik hiruk adierazpen bateratu bat adostu dugu. EH Bilduk, aldiz, ez babestea erabaki du. Gure ustez, ausardia politikorik eza eta sentsibilitate falta kezkagarria da; gaitzespen argi bat eta eragindako pertsonei barkamena eskatzea ezinbestekoa da.
Gai honetan ez dago ñabardurarik. Gertatutakoa kondenatzea zintzotasun demokratiko kontua da.
Beasaingo EAJ-PNVtik gure babesa adierazi nahi diegu gertakari honen biktima izan diren pertsonei. Ez zaudete bakarrik. Haiekiko eta pertsona guztiak askatasunean bizi ahal izango diren gizarte batekikoa da gure konpromisoa.
Bizikidetza ez da diskurtsoekin defendatzen, ekintzekin baizik. Eta kasu honetan, batzuek huts egin dute berriro.