Alberto Alonso Eusko Jaurlaritzaren menpeko Memoriaren Institutuko zuzendariak aitortu du “bai erakunde publikoek bai gizarteak” bereziki ahaztuta eduki dituztela GALen biktimak eta senideak. “Bidegabekeriatzat” jo du hori, eta barkamena eskatu die horregatik. Urteak iraun duen ahanztura horri aurre egiteko asmoz, erakusketa bat egingo dute udazkenean. GALen biktimen inguruan egingo duten lehen erakusketa monografikoa izango da. Horretarako, GALen atentatuen artean bat aukeratu dute: 1985eko irailaren 25ean Monbar hotelean izandako sarraskia. Berrogeigarren urteurrena baliatuko dute ahaztuta egon den atentatu hori gogora ekartzeko. Atentatu horretan lau errefuxiatu hil zituzten eta beste bat zauritu. Hil zutenetako bat Jose Mari Etxaniz Potros urretxuarra izan zen.
Monbar hoteleko sarraskia 1985eko irailaren 25ean gertatu zen. Hoteleko kafetegira sartu ziren bi pertsona tiroka hasi ziren, eta Jose Mari Etxaniz Potros, Inaxio Asteasuinzarra Beltza, Agustin Irazustabarrena Legra eta Xabin Etxaide Eskumotza hil zituzten. Jean Iriarte zauritu egin zuten. Luze aritu zitzaizkien tiroka, hilik zeudela ziurtatzeko. Espainiako Estatuak sustatutako GAL taldeak eginiko atentatuetan odoltsuena izan zen hura.
Erasotzaileak (Pierre Frugoli eta Lucien Mattei) atxilo hartu zituzten, eta epaiketan deklaratu zuten Jose Amedo espainiar poliziak kontratatu zituela. Biak epaitu eta zigortu egin zituzten 1989an, Parisen. Frugoliri hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta Matteiri, berriz, bizi osorako espetxealdia.
Atentatu horren biktimak oroitzeko ekitaldia egin zuten duela hamar urte, 2015ean, Baionako Monbar ostatuaren atarian. Ekitaldi horretara deitu zuten “egiak eta memoriak garrantzia dutelako bai GALek eta errepresioak eragindako biktimak omentzeko eta bai Euskal Herrirako”. Egia bide, askatasuna amets lelopean egin zuten ekitaldi hura.
Kortatu taldeak ere abesti bat sortu zuen biktima horien omenez. Izan ere, Alonsok gogoratu du musika talde horren A Frontline Compilation diskoaren (1988) azalean azaltzen den emakumea Monbar hotelean hil zutenetako baten ama dela.
Gehitu du ezinezkoa dela aitortza ekintzak banan-banan biktima guztiei egitea: “Esanguratsuak edo sinbolikoak izan daitezkeen kasu batzuk hartzen ditugu”. Eta Baionako Monbar hotelekoa adibide ezin egokiagoa iruditzen zaio ahaztuta geratu diren gertaerak gogora ekartzeko.
Alonsok jakinarazi du lanean ari direla GALek Baionan erail zituen horien senideak iraileko ekitaldian parte hartzeko. “Hasieran, mesfidantza, urduritasuna eta nekea adierazi zituzten, baina hilabeteak daramatzagu elkarte memorialistekin lanean adosteko haien parte hartzea nolakoa izango den”.
Ekitaldia Donostian izango da, biktimen senideak inguru horretakoak direnez gero. Egitura nolakoa izango den galdetuta, Alonsok zera azaldu du: “Seguruenik, aditu bat egongo da, testuinguru historikoa jartzeko, eta nahiko genuke senideek beren bizipenak kontatzea gero”. Senideei ahotsa eman nahiko liekete, baina Alonsok uste du horrelako ekitaldiak “sentsibilitate handiz” egin behar direla. “Ekintza publikoak antolatzen ditugunean, garrantzi handia ematen diogu senideekin batera adosteari, haiek eroso senti daitezen”, azaldu du.
Eusko Jaurlaritzak 2015ean sortutako Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaritza EAJren esku egon da urteotan —Aintzane Ezenarro izan da zuzendaria—. Imanol Pradalesen gobernuan, baina, PSEren esku geratu da lehenengo aldiz.
Testua: Kristina Martin/Berria egunkaria