Zumarragako Udalak 139 etxebizitza huts identifikatu ditu
Etxebizitza hutsen ehunekoa (%2,9) Gipuzkoako eta Euskadikoaren azpitik dago
Zumarragako Udalak etxebizitza hutsen azterketa egin du eta etxebizitza beharrei aurre egiteko erabiliko du. Azterketak 139 etxebizitza huts identifikatu ditu, Zumarragako alokairu eskariari erantzuteko potentzial handiko baliabide gisa.
Azterketa gaur goizean aurkeztu dute. Ekitaldian Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Alba Pascual Zumarragako Udaleko etxebizitza teknikariak parte hartu dute.
Alkateak adierazi duenez, lan honek helburu bikoitza du. “Alde batetik, datu errealetan oinarrituta jakin nahi dugu zenbat etxebizitza dauden benetan hutsik eta zein ezaugarri dituzten. Eta bestetik, informazio hori behar dugu Zumarragan gero eta handiagoa den etxebizitza beharrari, bereziki alokairuari dagokionez, erantzuna ematen jarraitzeko”.
139 etxebizitza huts identifikatu dira (bi urtez hutsik egon direnak) eta 149/2021 dekretuan ezarritako irizpide guztiak betetzen dituztenak. Etxebizitza hutsen ehunekoa (%2,9) Gipuzkoako (%3,7) eta Euskadikoaren (%4,4) azpitik egon arren, txostenak azpimarratzen du etxebizitza horiek aukera handia direla udalerriko etxebizitza merkatuaren oreka lortzeko.
Azterketak erakusten du gehienak herrigune historikoan daudela eta batez besteko adina 61,4 urtekoa dutela. Beraz, birgaitze behar handia dute. Bestalde, eraikinen %52k ez du igogailurik.
Txostenak etxebizitza eskatzaileen profila ere aztertu du. Gaur egun, 358 pertsona daude izena emanda Zumarragan etxebizitza eskuratzeko, eta horietatik %82k alokairuzkoa nahi dute. Datu horrek kontraste nabarmena erakusten du udalerriko parkearekin, non etxebizitzen %87 jabetzakoak diren.
Udalaren iritziz, diagnostiko hau funtsezkoa da datozen urratsak definitzeko. Hutsik dauden etxebizitzen jabeekin harremanetan jartzea aurreikusten da, arrazoiak ezagutzeko eta etxebizitza horiek programa publikoen bidez merkaturatzeko aukerak aztertzeko.