Legazpiko Mimaru lora denda eta Ordiziako Garin okindegia, Gipuzkoako hamar bitxien artean
Gipuzkoako Merkataritza Ganberak emandako sariak dira, herri bozkaz aukeratutakoak. Joan den ostiralean jaso zituzten aipamenak, Gipuzkoako Merkataritza Enpresen Sarien 31. edizioan.

Legazpiko Mimaru lora dendak eta Ordiziako Garin okindegiak Gipuzkoako Bitxiak izendapena jaso dute, eta joan den ostiralean jaso zituzten Gipuzkoako Merkataritza Ganberak emandako sariak, erakunde horren Merkataritza Enpresen Sarien 31. edizioan zehar.

Ordiziako Juanjo Garin, saria jasotzean.
Ganberak hamar Bitxiak sari banatu zituen, lurraldeko eskualde bakoitzeko bat. Mimaruk Goierri garaiko saria jaso zuen, eta Garinek Goierri behekoa. Eskualde bakoitzeko saltoki nabarmenenak aintzatesten dituzten sariak dira, eta “beren kudeaketa bikainagatik, irudi liluragarriagatik, lehen mailako bezeroarentzako arretagatik eta tokiko komunitateari egiten dioten ekarpen baliotsuagatik” izaten dira aukeratuak, herri bozketa bidez.
Legazpi eta Ordizia
Legazpiko Mimaru lore denda Kale Nagusian dago, eta Busca Azpitarte ahizpena da. Saria jasotzen Ruth eta Miren izan ziren, eta “tandemeko hirugarren ahizpa” Marina da. Iazko edizioko irabazle izan zen Zumarragako Modas Laskurain saltokiko Itziar Laskurainek eman zien saria legazpiarrei.
Ordiziako Garin okindegia Plaza Nagusian dago, eta irabazitako Bitxiak saria Juanjo Garinek jaso zuen.
Beste bitxiak
Gipuzkoako “saltoki nabarmenen mapa” osatzen dute orain Mimaruk eta Garinek. Gainerako Bitxiak hauek dira: Bidasoako eskualdean, Irungo QÑ Outlet; Buruntzaldean, Andoaingo Labores Arantza; Debabarrenan, Eibarko Twins; Debagoienan, Aretxabaletako Kiloka Denda; Donostian, Irulea; Oarsoaldean, Errenteriako ACM Arkitektura; Tolosaldean, Leize moda denda; eta Urola Kostan, Azkoitiko Noah.