Yogaren nazioarteko eguna Mirandaolan ospatuko du Anandak
Legazpiko yoga eskolak herritar guztiak gonbidatu ditu larunbateko ospakizunera, doako saio bat eskainita. Ez da beharrezkoa esperientzia izatea.

Legazpiko Ananda Yoga Eskolak herritar guztiekin ospatu nahi du Yogaren Nazioarteko Eguna larunbatean, ekainak 21. Hori dela eta, festa giroko yoga saio bat antolatu du egun horretarako. Mirandaolan izango da, 10:00etan, eguraldiak laguntzen badu. Eguraldi txarra eginez gero, yoga saioa Urbeltz pilotalekuan izango da.
Saio hau irekia izango da, eta yogaren munduan esperientziarik ez dutenek ere parte hartu ahal izango dute bertan. Doakoa ere izango da, baina izena emateko eskatu dute antolatzaileek. Horretarako whatsapp mezu bat bidali behar da 607 376 620 telefono zenbakira. Lagunekin eta familiekin joateko gonbita luzatu diete legazpiar guztiei Anandakoek.
Ananda eskolak, lau urte
Ez da larunbatekoa Anandak agendan egun hauetarako duen ospakizun bakarra, hilaren 30ean lau urte beteko dituelako Arantzazu auzoan dagoen yoga eskola honek. Joseba Etxanizek eta Larraitz Buenok ireki zuten 2021eko ekainaren 30ean, pandemia igaro berritan, eta Bikuña kiroldegian pilates, yoga eta zumba klaseak emanez egindako ibilbide luzea amaitu ondoren.
Kiroldegian pilatutako esperientzia hori baliatuta jarri zuten martxan Ananda, eta lau urteren ondoren, lekua eta izena lortu dute Legazpiko eta inguruko herrietako yoga zaleen artean.