Ordiziako jaietako haurren aurreskuan izena emateko epea
Ekainaren 23tik 29ra bitartean eman ahal izango dute izena dantza bikoteek. Entseguak ekainaren 30ean hasiko dira.

Santa Ana jaietako haurren aurreskuan izena emateko epea irekiko da datorren astean, ekainaren 23tik 29ra bitartean, ondorengo lotura honetan: https://forms.gle/b7juJyf1GE1m7SmU6.
Amets Bide dantza taldeak jakinarazi duenez, galdetegi horren bidez egindako izen-emateak bakarrik onartuko dira, eta entseguetan ezingo da izenik eman.
Bestetik, izen-ematea binaka egin beharko da; bietako dantzari batek Alpargata dantza egingo du eta besteak bikotearena. Ez dute banaka egindako izen-ematerik onartuko eta Amets Bide ez da bikoteak osatzeaz arduratuko.
Adina eta entseguak
Dantzarien adinari dagokionean, aurten 2019. urtean jaioak (2024/2025 ikasturtean 5 urteko gelan egon direnak) izango dira gazteenak.
Entseguak ekainaren 30ean hasiko dira eta astelehen, astearte eta ostegunetan izango dira, 18:30etik 19:30era Jakintza Ikastolako patioan (Villa Eugenian). Bikoteak 19:00etatik aurrera etorri beharko dira. Entsegu orokorrak azkeneko astean izango dira.