Gari Ugarte, Espainiako txirrindulari txapelketarako bidean
Legazpiarra 23 urtez azpikoen mailan lehiatuko da, Euskadiko selekzioarekin. Granadan ditu lasterketak, erlojupekoa ostiral eguerdian eta iraupenekoa larunbat arratsaldean.

Legazpiko Gari Ugarte Larrea txirrindulariak (Legazpi, 2005) hitzordu garrantzitsua du asteburuan Granadan, Espainiako txapelketarekin. Euskadi Fundazioa taldeko kidea Euskadiko selekzioarekin arituko da lehian, 23 urtez azpikoen mailan.
Bi lasterketa izango ditu legazpiarrak. Ostiral eguerdian erlojupekoa egingo du, 13:15etik aurrera. Sierra Nevadan izango da proba hau, 14 kilometroko luzerarekin eta 724 metroko desnibel metatuarekin. Larunbat arratsaldean iraupeneko lasterketa izango du, 16:30ean. Honetan, guztira 142,6 kilometro egin beharko ditu, Blancareseko igoera bikoitza izango duen La Pezako zirkuituari hiru bira emanda.