Legazpin erosteko eta dirua irabazteko eguna da bihar
Ilinti elkarteak 500 euroko bi sari zozkatuko ditu. Eguneko erosketa ticket guztiak sartuko dira zozketan. Akerren Seinale taldearen kontzertu amaieran izango da zozketa, 21:00 inguruan.

Ilintiren Erosi & Irabazi eguna izango da biharkoa Legazpin, eta amaieran, 500 euroko balioa duten bi sari zozkatuko ditu merkataritza elkarteak bezeroen artean. Goiz eta arratsaldez luzatuko da kanpaina, eta Akerren Seinale taldearen kontzertuaren ondoren egingo den zozketarekin amaituko da, 21:00 inguruan
Eguna borobiltzeko, zozketarekin batera Ilintik aitortza egingo die 2023an eta 2024an zehar erretiroa hartu duten bazkideei.
Nola parte hartu
Ilintiren 500 euroko bi sari horien zozketan parte hartzeko, bihar elkartearen establezimenduetan erosi besterik ez da egin behar. Erosketa egitean saltzaileak txartel bat emango dio bezeroari, zigilu eta guzti, eta txartel hori, izen-abizenak eta telefono zenbakia jarrita, Akerren Seinale taldearen kontzertuan zehar sartu beharko da taulatuaren ondoan jarriko den kutxan. Kontzertua 20:00ak eta 21:00ak bitartean egingo du talde legazpiarrak, Kale Nagusiaren hasierako plazan.
Kutxara botatako txartel guztiak sartuko dira zozketan. Sariduna suertatuz gero, ez da derrigorrezkoa izango bertan egotea saria jasotzeko, telefonoz deituko diotelako han ez baldin badago. Ilintiren establezimenduetan gastatzeko 500 euroko bi erosketa txartel dira sariak.
Horrez gain, merkataritza elkarteko hainbat bazkidek promozio bereziak egiteko baliatuko dute eguna, eta batzuk kalera aterako dituzte salgaiak. Egun berezia izango da, eta modu batera edo bestera, nabaritu egingo da hori establezimenduen barruan edo kanpoan. Eta egindako erosketa guztiek izango dute aukera zozketan sartzeko.