Ordiziako Boxeo jaialdia, uztailaren 18an
Kerman Lejarraga txapeldunari omenaldia egingo diote. Sarrerak Amonane eta Nerea tabernetan daude salgai.

Uztailaren 18an jokatuko da Santa Ana jaietako Ordiziako Boxeo jaialdi handia, Beti Alai pilotalekuan, 22:30etik aurrera. Kerman Lejarraga boxeolari txapeldunari omenaldia egiteaz gain, boxeolari amateurrak eta profesionalak igoko dira ring-era. Kartela argitaratu dute dagoeneko Boxing elkarteko antolatzaileek.
Fran Mendoza-Mauricio Vega boxeolari profesionalez gain, Euskadiko pisu astunen txapelketaren barruan Sacc eta Barrene arituko dira elkarren aurka. Profesionaletan debuta egingo dute, berriz, Erlantz Tejadak eta Johonson Rossok.
K1 profesionaletan, Omar Lebihij eta Mouafac Boudali lehiatuko dira.
Amateurretan beste bost borrokaldi: Aitor Guda beasaindarra Denis Zelaiaren aurka, Israel Etxeberria ordiziarra Ibrahim Benacharen aurka, Eneko Gastañaga Asier Ortizen aurka, Aviguey Parra Ane Barrantesen aurka, eta Esmeralda Ferreiro Haizea Atiegaren aurka.
Sarrerak salgai daude Ordiziako Amonane eta Nerea tabernetan.