Uztailarekin iritsi dira lekak
Dirudienez, beroak ez du kalte handiegirik egin baratzean, eta produktu berriak iritsi dira. Perretxikorik, aldiz, ez dago batere.

Aurreko egunekoarekin alderatuta, giro freskoago eta hezeagoarekin egin dio ongi etorria feriak uztailari gaur goizean, nahiz eta jendeak ez dituen ahaztu egindako beroak. Tenperatu altuak izan dira azken egunetan, baina atzo Plaza Nagusian aurkeztutako berritasunei erreparatuz gero, badirudi ez dietela horiek kalte handiegirik egin baratzeei.
«Goiko ura behekoa baino hobe» esan du saltzaile batek balizko kalte horiei buruz galdetutakoan, baina besterik ez dagoenen, ureztatzea geratzen da, eta horrek salbatu ditu momentuz uztak. Horregatik ikusi ahal izan dira produktu berriak gaur.
Leka izan da bat, aire librekoa zein negutegikoa. Leka arrunta zen, txapala, eta aire librekoa Maria Jesus Oriak eta Arantxa eta Maite Zurutuza ahizpek zuten salgai; Patxi Arizmendik ere bazuen, baina negutegikoa. Urteko lehen lekaren kiloak 6,5 eta 8 euro arteko prezioa egin du.
Piper berriak ere iritsi dira, piper italiarra deiturikoa, berdea eta luzea,. Monteseko Arantxa Zurutuzak eta Arizmendik zuten, kiloa 4,5 euroan. Honekin, piper bilduma handitu egin da, lehendik bazeudelako pipermina, morroa, Gernika eta Kakute edo Landetakoa.
Kale aza ere aipatu behar da. Urte osoan izaten da, baina orain hasi da berria. Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanesek zituen gaur, eta hostoekin osatutako sortetan saltzen zituen, 2 euroan.
Aran horiak eta gladioloak
Fruten atalean ere izan da berritasun bat, aran horia. Altzagako Arantxa Lopetegik zuen salgai, kiloa 3 euroan. Patxi Arizmendik ere izan zituen duela aste pare bat hasita, gorriak, baina horiek agortu zaizkio. Horiekin konformatu beharko dira aran zaleak. Bestelako fruta ere badago ferian, Zurutuzatarren postuan; mugurdiak, masustak…
Loreen atala, bestalde, emankor dago uda hasierako aste hauetan. Gaur gladiolo sorta koloretsuak zituen salgai Miren Jauregik, 5 euroan. Hortentsiak ere geratzen dira oraindik, eta Zurutuzatarrek agapantusak ere bazituzten.
Perretxiko falta ere aipagarria izan da gaur. Mikel Lasaren postuan boilur ale batzuk besterik ez dituzte izan salgai, kiloa 160 euroan. Eta Felix Barcinak ez du posturik jarri. Beroak eta lehorteak eraginda, ez omen dago batere perretxikorik inguru hauetan, ezta urrutiago ere.
Zuhaiztiko postuetara, azkenik, canella madaria iritsi da (3,90 euroan kiloa).