Tio Teronen Semeen ondoren, 'Manttalingo alaba' eta bertso-poteoa
Uztakale programak era askotako ekitaldiak bildu ditu Legazpiko uztaileko arratsaldeak betetzeko. Ostiralean dantza ikuskizuna izan zen plazan, eta aste honetan poesia errezitaldi musikatua eta bertsoak izango dira. Gaur arratsaldean, haurrentzako parkea eta apar festa.

Uztakalek aurrera jarraitzen du, eta aurreko ostiralean Tiro Teronen Semeak taldek eskainitako Haurreskolari dantza saio arrakastatsuaren ondoren, gaur haurrentzako parkea eta apar festa izango dira, 17:00etatik aurrera, Euskal Herria plazan eta Azokan. Astean zehar, beste bi ekitaldi proposatzen ditu. Etzi asteazkena poesia errezitaldi musikatua izango da, eta ostegunean, bertso-poteoa.
Asteazkeneko ekitaldia Mikel Etxaburuk idatzitako Manttalingo alaba liburuan oinarritutako abestiak eta poemen errezitaldia izango da, akordeoiaren eta biolinaren laguntzarekin aurkeztuta. Mikel Etxaburu bera eta Nerea Zuloaga, Irina Alvarez, eta Jon Gardoki izango dira oholtzan, eta Saturrarango kartzelan giltzapetuta egon ziren 4.00tik gora emakumeak gogoratuko eta aldarrikatuko dituzte poesiarekin, kantuarekin eta musikarekin.
Bertso-poteoa ostegunean
Bertsoak ere izango dira Uztakalen, ostegunean, hain zuzen, hiru emakume bertsolari gazterekin. Ane Beloki legazpiarra, Maialen Akizu urretxuarra eta Haira Aizpurua lapurtarra arituko dira bertsoan herriko erdigunean, 19:00etatik aurrera, poteoa girotuz. Eguraldi txarra eginez gero, erdiguneko kaleetako aterpeetan arituko dira, eta taberna barrutan.
Bertso Olariak bertso eskolaren 20. urteurrena ospatzeko antolatutako bertso poteoa da hau.
Tio Teronen Semeak
Ostirale iluntzean dantza eta umorea uztartzen dituen Haurreskolari ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten Euskal Herria plazan. Tio Teronen Semeak taldearen azken ikuskizuna da Haurreskolari, eta Legazpira ekarri dute Sustraiak dantza taldea ospatzen ari den 50. urteurrenari keinu bat egiteko.



















