Ikasgelak amaitu du ikasturtea
Irailetik uztailera arte egon da irekita eta 41 erabiltzaile izan ditu, maiatzera arteko datuen arabera. Txartelak entregatu beharko dituzte astelehenerako.
Legazpiko ikasleei zuzendutako Ikasgela zerbitzuak gaur bertan amaitu du ikasturtea, eta irailera arte itxita egongo da. Erabiltzaileek astelehenera arteko epea dute txartelak Kultur Etxean entregatzeko, 09:00etatik 14:00etara. Datozen egunetan balorazioa egiteko eskatuko zaie, gainera, udalak hurrengo ikasturterako eskaintza prestatzeko, eta txartelak erabiltzaile berrientzat programatzeko.
Saturnino Telleria 1ean dagoen Ikasgelak irailaren 23an hasi zuen ikasturtea, astegunetarako zein asteburuetarako 27 ikas postu eskainiz. Maiatzera arte jasotako datuen arabera, zerbitzua erabiltzeko beharrezkoak diren 41 txartel banatu zituen udalak. Eskatzaile gehienak emakumeak ziren (%78). Gehienek graduko ikasketak egiten ari ziren (%59), beste batzuek oposizioak (%29) prestatzen ari ziren edo masterrak (%10) egiten ari ziren. Gehienak, hamarretik ia lau EHUn matrikulatuta zeuden (%39), baina hamarrekin hiru ez zegoen inon matrikulatuta (%29), eta horietako asko oposizioak prestatzen ari ziren. Gainerakoak, beste euskal unibertsitate batzuetan (%19) edo akademietan (%7) matrikulatuta zeuden.












