Lehen Klaudia arana eta gorri handia
Txaiota barazkia, ezezaguna oraindik gehienentzat, salgai izan da gaur. Aranak izan dira nobedadea.
Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki Intxausti, Klaudia aranekin. Lierni Elortza Eskola-opor garaian jendeari goizean mugitzea kostatzen zaion bezalaxe, eguzkiak ere goizeko hamarrak bazituen lainoteria zulatu duenerako. Bezeroak ez ezik, gazte kuadrilla mardula bildu da udaletxe aurrean garai modu horretan: Ateak Ireki programan parte hartzen ari diren diasporako gazteak dira, dagoeneko familietako kideekin, euskara ikastera etorritakoak.
Produktuei erreparatuz, aranak izan dira gaurko nobedadea. Estimazio handiena duen Klaudia arana ekarri du Iñaki Intxausti Zeraingo Mendartekoak, eta Aramako Zurutuza ahizpek aran gorri handia izan dute. «Berez Idiazabalgo Kalbariotik datorren arana da, hau ia gure etxeko arbolakoa», esan du Arantxa Zurutuzak.
Aramako Goiko Etxeberrikoek gustukoa dute produktu berriak probatzea eta gaur aurkeztutako txaiota da horietako bat. Bezero batek ekarritakoa etxean erein eta eskaintzen dute azken urte hauetan. Jatorrizko izena Sechium edule du, kurkubitazea familiakoa da, kalazaba, luzoker eta meloiak bezala. Gustuko tokia baldin badu batere lanik eman gabe eroritako fruituetatik bere kasa erne ohi da. Landare goikaria da, hortik «aireko patata» ere esaten diotela ezagutzen duten bezeroek, hegoamerikarrek bereziki. Ezezaguna zaienentzat «probatzea merezi du, purean edo krema moduan oso goxoa». Kiloa 3,5 euroan egon da salgai.
Postu berean azken asteetan eskaintzen zituzten andere-mahatsa eta india-mahatsa bukatu dira, eta gaur azken masustak eta mugurdiak amaitu dira.
Zizahoriak berriz ere plazan
Mikologia atalean Lasaren eta Barcinaren postuetan izan dituzten 50 kilo zizahorik eta boilur gutxi batzuek osatu dute eskaintza.
Santu kontuak bukatzeko. Lehen nabarmenagoa bazen ere, santutegia eta azoka oso lotuak daudela aipatu izan dugu. Gaur iritsi orduko honakoa entzun dugu: «Karmen eguna gaur, arrantzaleen zaindaria», dirudienez lotura berezirik ez nekazariekin.
Bestalde, datorren astean Santa Ana jaiak ospatuko dituzte Ordizian, plaza txingolaz apaindua da dagoeneko. Aurten ez dio eragingo asteroko azokari.

Aramako Arantxa Zurutuza, aran gorri handiekin.Lierni Elortza













