Kataluniako esplai bat Brinkolan, Euskal Herrian egindako ibilbidean zehar
Aisialdi talde hau 25 gaztez eta bost begiralez dago osatuta. Oñatiko Araotzen hasi zuten ibilaldia, eta Brinkolan bi gau egin zituzten kanpatuta, auzotar batek utzitako lursailean. Orain kostaldean daude.
Bartzelonako Vilafranca del Penedes hiriko Grup Esplai Parroquial izeneko aisialdi taldeak Brinkolan egin zuen geldialdia joan den astean, Euskal Herrian egiten ari den hamar eguneko ibilaldian zehar. Garro-etxeberri baserriaren ondoan jarri zuten kanpalekua, Belen Madinabeitia auzotarrak utzitako lursail batean, eta hiru egun egin zituzten bertan, asteburuan.
Euskal Herrian zehar dabilen talde hau 25 gaztez eta bost begiralez dago osatuta. Joan den astean hasi zuten ibilaldia, Oñatiko Araotz auzoan. Bertako pilotalekuan egin zuten lo, eta Aizkorri-Aratzeko parke naturala ezagutzeko baliatu zuten. Belar inguruan ere egin zuten gau bat, vivac kanpaldia eginda, eta handik, Brinkolara joan ziren, menditik zehar.
Brinkolan bi gau egin zituzten, eta hainbat jarduera egin zituzten eguraldiak lagunduta, besteak beste Urola ibaian bainatu ziren, eta Igeralde errota bisitatu zuten, Pepe Segadek gidatuta. Legazpi ere ezagutu zuten.
Hirugarren egunean, Brinkolan trena hartu zuten Donostiaraino, eta handik Oriora joan ziren. Orion beste hiru gau egingo dituzte, eta gero Zarautzera joango dira surf egitera eta, azkenik, Zumaiara. Zumaian aterpe batean egingo dute lo, eta han amaituko dute ibilaldia.
Griselda Masdeu da esplai honetako begiraleetako bat, eta azaldu duenez, Brinkolan egindako egonaldia “zoragarria” izan da, eta Rafa Mugarza auzotarrak emandako laguntasuna eskertu du bereziki, “berak egindako makila oparitu zigun, gainera”.
Ibilaldi hau “berezia” dela ere esan du, parte hartzen ari diren gazteen eta begirale gehienen azken urtea delako aisialdi taldean. Agur honetarako Euskal Herria aukeratzeko arrazoien artean Aizkorri-Aratz parke naturala eta kostaldea aipatu ditu, “bagenekielako oso politak zirela”. Eguraldi bikaina izaten ari direla ere nabarmendu du.
Esplaiena Herrialde Katalanetan oso hedatuta dagoen mugimendu zibikoa da, aisialdiaren bitarteko haurren eta gazteen heziketan oinarritutakoa. Aisialdi jarduerak garatzen dituzte, batez ere asteburuetan eta opor garaietan. Boluntarioak dira partaideak. Esplai batzuk laikoak dira, eta beste batzuk ez. Vilafranca del Penedesekoak hiriko parrokiarekin du lotura.
















