Kiroldegiko gimnasio berria prest, eta astelehenetik aurrera irekita
Obrak atzeratu egin dira, baina azkenean irailaren 1ean irekiko ditu ateak Bikuña kiroldegiko instalazioak. Kanpotik zuzeneko sarbidea izango du.
Berritze lanak espero baino luzeagoak izan badira ere, amaitu dira eta astelehenean, irailak 1, irekiko ditu ateak Bikuña kiroldegiko gimnasio berriak. Gimnasioa 09:00etan irekiko dute, eta ordu horretan bertatik aurrera monitoreak bertan izango dira, erabiltzaileei arreta emateko, eta instalazioen eta makina berrien funtzionamendua azaltzeko.
Irailaren 2tik aurrera, asteartea, gimnasioaren ordutegia luzatu egingo da, eta 06:00etatik 23:00etara egongo da irekita. Ordutegi berezi hori gimnasioarentzat bakarrik izango da, eta kiroldegiko gainerako zerbitzuek ohiko ordutegiei eutsiko diete.
Gimnasio berriak gainera, ate independente bat du, eta kaletik zuzenean sartu ahal izango da bertara, abonatu-txartelarekin edo Nik Patrika aplikazioarekin.
Legazpiko Udalak eskerrak luzatu dizkie erabiltzaileei, berritze prozesuan izan duten “ulermenagatik eta pazientziagatik”. Aldi berean, jakinarazi du obraren enpresa arduradunaren aurka atzerapenarengatik legearekin jotzeko aukera aztertuko duela.
Barkamena ere eskatu die herritarrei, “eragindako eragozpenengatik”, eta “ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko lanean jarraitzeko konpromisoa” azaldu du. Inbertsio honekin “kirolarekin, osasunarekin eta ohitura onekin” duen konpromisoa berresten duela ere adierazi du. “Espero dugu gimnasio berri hau guztion gustukoa izango dela, eta erabat gozatu ahal izango dutela”.
ARGAZKIAK: Legazpiko Udala














