Itsasondoko jaietako ekintzetarako izen emateak
Irailaren 18tik 21era bitartean ospatuko dituzte herriko jaiak Itsasondon. Herri afarirako eta paella janerako txartelak erosi behar dira. Itsasondo-Arama derbirako eta frontenis txapelketako izena eman behar da.
Irailaren 20an egingo dute paella jana Itsasondon.Aimar Maiz. Irailaren 18tik 21era bitartean ospatuko dituzte festak Itsasondon, eta hainbat ekitaldietarako izen emateak martxan daude.
Otorduak
Irailaren 19ko herri afarirako eta irailaren 20ko paella janerako txartelak salgai daude irailaren 11era arte, Kaxintane tabernan eta Ibalur dendan.
Herri afariko menua ondorengoa da helduentzat: ganba entsalada, piper beteak, txerri saiheskia patatekin eta tarta izozkiarekin, ardoarekin, sagardoarekin eta urarekin lagunduta. Helduek 26,50 euro ordaindu beharko dituzte (langabetuek, 20 euro).
Menu beganoa ere aukeran egongo da, 26,50 euroan: aguakate eta gazta entsalada, piperrak perretxikoz beteak, hanburgesa bejetala guarnizioarekin.
Haurrentzako menuan, 12,50 euroan, kroketak, albondigak tomatearekin eta izozkia izango dira.
Paella janari dagokionean, berriz, platera, 7 euro kostako da.
Ijitto Show-a
Irailaren 20an, 19:00etan egingo den Ijitto show-erako ere izena eman daiteke udaletxeko harreran dagoen buzoian edo Kaxintane tabernan, irailaren 12a baino lehen.
Itsasondo-Arama derbia eta frontenis txapelketa
Bestalde, jaietako bi kirol jardueretako izena eman behar da.
Batetik, Itsasondo-Arama futbol derbia berreskuratuko dute eta taldea osatzeko izena eman behar da. Irailaren 19an, 18:30ean, jokatuko da. 15 urtetik gorako jokalariek parte hartu dezakete, 20 minutu bi zati izango ditu partidak eta talde mistoak izan beharko dute. Aldaketak libre izango dira.
Bestetik, irailaren 21ean, igandea, 18:00etan, frontenis txapelketa jokatuko da eta eta horretarako ere izena eman behar da. Bikote mistoak egingo dira. Banaka izena eman eta ondoren sortuko dira taldeak. 15 urtetik gorakoek eman dezakete izena.













