Jose Ignazio Asensio diputatuak Legazpiko ur txorroten parkea bisitatu du
Foru Aldundiak diruz lagundutako instalazioa jolas gune bat izatetik harago, babesleku klimatiko bat ere bada.
Legazpiko San Ignazio auzoan dagoen ur txorroten parkeak Jose Ignazio Asensio Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatuaren bisita izan du gaur goizean, udalak iaz martxan jarri eta bigarren denboraldia amaitzear dela. Instalazio horrek Aldundiaren 35.000 euroko diru laguntza jaso du, eta Gipuzkoako babesleku klimatikoen sarean sartuta dago, bero-boladen aurrean babesteko, aisialdirako eta osasunerako gune gisa.
Asensiorekin batera, Eric Galvez Legazpiko alkatea, Jo eta Oscar Valbuena Garapen Jasangarriko eta Trantsizio Energetikoko zinegotzia ere izan dira.
Instalazio arrakastatsua
Eric Galvezek ur txorroten parke horren nondik norakoa azaldu du, eta gogoratu du aurreko legegintzaldiko aurrekontu parte hartzaileetan jasotako proposamena izan zela abiapuntua. Iaz jarri ziren martxan instalazioak, “eta bigarren denboraldia amaitzear den honetan, arrakasta handia duela esan behar da”, azaldu du. Kostua 230.000 eurokoa izan da, eta Aldundiak egin duen 35.000 euroko ekarpenagatik “oso eskertuta” daudela gaineratu du.
Lankidetza hau bi administrazioek aldaketa klimatikoari aurre egiteko konpartitzen duten filosofian kokatu du Galvezek, eta ildo horretan zehaztu du instalazio hau ez dela aisialdirako gune bat soilik, babesleku klimatiko bat ere badelako.
Babesleku klimatikoen sarea
Ondoren, Oscar Valbuena zinegotziak azaldu du Legazpin babesleku klimatikoen sarea eratzeko asmoa duela udalean gidatzen duen sailak, eta horretarako Uggasa garapen agentziarekin eta Agenda 2030ko foroan eta Eskolako 2030 Agendan biltzen diren eragileekin lankidetzan. Sare horren abiapuntua SAn Ignazioko ur txorroten parkea izango da, hain zuzen.
Sare horrek “alerta klimatiko bat” ere izango duela gehitu du Valbuenak. “Gobernu Taldeak orain dela gutxi onartutako klimaren eta energiaren udal-planean jasotako 70 ekintzetako bat da, 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzeko eta, aldi berean, klima aldaketaren ondorioen aurrean gizartera bidezko trantsizioa bermatzeko”.
Babesleku klimatikoa zer den gogoratu du, azkenik: “Txorroten parke hau bezalako leku ireki bat izan daiteke, edo gizarte zentro bat edo liburutegi bat izan daiteke, herritarrak eguraldi txarraren aurrean babestuta egoteko ekipamendua dutenak, batez ere bero handiko uneetan”.
Ezinbesteko ekimenak
Jose Ignazio Asensio diputatuak, bere aldetik, adierazi du horrelako ekimenak eta azpiegiturak “ezinbestekoak” direla Gipuzkoarentzat, batez ere aurtengo uda beroa jasan eta gero. “Klima babeslekuak erantzun zuzen, eraginkor eta hurbila dira gehien behar dutenak babesteko. Lurralde erresiliente, inklusibo eta klima aldaketaren inpaktuei aurre egiteko prestatua eraikitzen laguntzen dute”, esan du.
Babesleku klimatikotzat jo du Legazpiko azpiegitura hau, eta lurralde osoan bultzatzen ari diren horrelako ekimenen aitzindaria dela nabarmendu du. Gainera, azpimarratu du herritarrekin batera landutako proiektua izan dela, parte hartze prozesu batetik abiatutakoa.
Irisgarria eta jasangarria
San Ignazio auzoko ur txorroten parkea herritarrei muturreko bero gertakarien aurrean freskatzeko, jolasteko eta babesteko leku bat eskaintzeko diseinatu da. Ur parkea iazko udan jarri zen martxan. Hamalau txorrota eta jolas ditu, bi gunetan banatuta: bata haur txikienentzat, eguzkitik babestuago dagoena, eta bestea adinekoentzat, elementu dinamiko eta erakargarriekin.
Ur txorroten parke hau jasangarria eta irisgarria da. eta uraren kontsumo arduratsua ahalbidetzen duen zirkuitu itxiko sistema batekin funtzionatzen du. Gainera, San Inazio auzoko ingurune berdean integratzen da.














