Zegama okindegiaren agurra
Abuztuaren 24ko goizaldean egin zituen azken ogiak eta madalenak Zegama okindegiak. Kepa Galparsoro arduradunak erretiroa hartu du, eta amaitutzat eman du 1996an abiatutako bidea. Mota askotako ogiak egin ditu urte hauetan zehar, eta Gipuzkoa osoan saldu ditu. Bezeroek penaz hartu dute itxiera.
Kepa Galparsoro, dagoeneko itzalita dauden okindegiko labeen aurrean. Tere Madinabeitia Zegama okindegiko labeek ez dute ogi eta madalena gehiago egingo. Abuztuaren 24an itzali zituzten behin betiko. 1996an martxan jarritako enpresak ateak itxi ditu, jabeak erretiroa hartu duelako, eta negozioak ez du jarraipenik izango. Intxausti industrialdean zuten pabiloia desmuntatzen hasita daude. Atzean geratzen da ia 30 urteko historia.
Kepa Galparsoro beasaindarrak 1996an jarri zituen Zegama okindegiaren zutoiak beste bazkide batekin. Gerora, bazkide hark utzi eta Keparen emazte Lourdes Lakuntza olaberritarra sartu zen negozioan. Biek eraman dute harrezkero, duela egun batzuk itxi arte.
Zegamako okindegi zaharra
Galparsorok gogoratzen duenez, urte hartan Zegaman bertan zegoen okindegi zaharra alokairuan hartu zuten, Jokin Sarasolak utzi eta gero, eta ogi normala eta integrala egiten hasi ziren. Gero beste ogi mota batzuk egiten hasi ziren, baina aukera zabaltzearekin batera, leku premia eta osasun eskakizunak handitu egin ziren, eta tokiz aldatzea erabaki zuten. «Kasualitatez», dio, garai hartan bertan Intxausti industrialdeko pabiloiak egiten ari ziren, eta hara aldatu ziren 2003an. Ordutik egon dira han.
Zegaman hasterako, Galparsorok bazuen bidea eginda okindegietan. Gaztea zela, banaketa lanak egiten zituen Beasaingo Garitza okindegirako. Gero, Martuteneko Elektra lantegian lanean ari zela, Garitzako jabe zen Salinas bila joan zitzaion, jenderik gabe zebilela eta arduradun bat behar zuela esanez. Beasaingoa okindegi txikia zen, eta han ikasi zuen ogia egiten. Ez omen zen zaila izan lanbidea ikastea, «polita da, gainera». Beste lanbideek bezala, «bere gauzak» badituela aitortzen du, «baina ez da konplikatua». Hori bai, «atentzioa eta gogoa jarri behar dira!». Eta nabarmendu duenez, «satisfakzio handia ematen duen lana da, ikusi egiten duzulako emaitza eta nolako harrera duen bezeroen artean».
Ogi aukera zabala
Zegaman hasita, ogia egin, eta banatu ere egiten zuten, lehengo okinak zituen bezeroei. Tolosako Gorrotxategira integrala eramaten zuten, adibidez, Gaztelura ogi normala, eta Ordizian, Beasainen, Lazkaon… ogi normala banatzen zuten. Gero handitzen joan ziren ekoizpena eta eskaintza, «bezeroek eskatuta».
Urteen poderioz, makina bat ogi desberdin egitera iritsi ziren. «Ekologikoan, hamabost barietate egiten genituen, eta ekologikoan sartzen ez zirenak, beste hainbeste. Ogi normaletan ere barietate mordo bat. Asko ziren: integrala, haziena, artoarekin, chia haziekin, zekalearekin, espeltarekin, oloarekin… Batzuk barran, beste batzuk moldean». Saiatuz eta eginez ikasi zuten ogi mota horiek guztiak egiten, eta zalantzarik izanez gero, irinen hornitzaileei eskatzen zieten laguntza, erakusten jarduten zuen jendea izaten zutelako.
«Satisfakzio handia ematen duen lana da, ikusi egiten duzulako emaitza eta nolako harrera duen bezeroen artean»
«Guk ez dugu sekula komertzial lanik egin, bezeroak bakarrik etorri dira!»
Kepa Galparsoro. Okina
Hori guztia egiteko, okindegia bera handitzen joan ziren. Intxaustiko pabiloira aldatu zirenean, okindegi zaharreko azpiegitura guztia eraman zuten, baina gero kamera berriak jarri zituzten, labe bat ere bai, mantentze kamerak, izozketakoak… «elaborazio berriek eskatzen zutena». Langile kopurua ere hazi egin zen. «Gu ere sartuta, hamalau izatera iritsi ginen garai batean, eta azkenera bederatzi geunden». Ogia egin goizaldean, eta gero banatu egiten zuten. Eta pabiloian saldu ere egiten zuten; «beti egon da hona zuzenean etortzen zen jendea, eta enkarguak egitera».
Gipuzkoa osoan
Banaketari dagokionez, Irun eta Hondarribiraino iristen zen Zegamako ogia. Leku batzuetara ez ziren egunero joaten, ogi mota batzuk eguneko iraupena baino handiagoa dutelako, moldekoek bereziki. Okindegietan, liburu dendetan edo belar dendetan uzten zuten ogia batez ere, gero han saltzeko.
Kafetegi eta jatetxeetara ere saltzen zuten, han bertan erabiltzeko, gosarietan edo beste otorduetan. Jatetxeen artean, Donostiako El Mirador de Ulia aipatu du Galparsorok, baita Burunda, Iturralde kafetegia, Zezilionea eta Kattalin ere. «Eta guztiak gugana etorri ziren ogi bila, gu saltzera joan gabe. Guk ez dugu sekula komertzial lanik egin, bezeroak bakarrik etorri dira!», dio harrotasunez. «Ogiak berak egin du komertzial lana».
Orain, ogia egiteari utzi diotenean, bezeroen aldetik kritika ikaragarri onak jaso dituzte. «Sobra ere, ez ditugu gaizki egin gauzak!». Pena handiarekin agurtu da lanbidetik eta negoziotik.
Jubilazioa, etapa berria
Duela bi urte hasi zen Galparsoro jubilaziorako bidea jorratzen, eta saiatu da ordezkoa bilatzen, baina ez da posible izan. Negozioa itxi du azkenean, eta egun hauetan tresneria jasotzen ari dira. Pabiloia salduta du, eta beste negozio bat jarriko da martxan bertan.
Etapa berriari ekingo dio azken lan horiek amaitutakoan. Abuztuaren 23tik 24ra bitartean egindako azken labekadek utzitako atsekabea kendu beharko du lehenengo gainetik, eta gero, atseden hartu, eta datozenak datozela.
Erretirorako garaia iritsita, negozioan jarraitzeko erreleborik ez

Zegama okindegiko ogiaren kontsumitzaileek pena handiarekin hartu dute Galparsororen erretiroa. Baina 67 urte ditu, eta bazen garaia. «Urte asko izan dira lanean, egunero. Urtean bi egun kenduta, egun guztietan egin dugu lan. Eta oporrak, bi urtean behin hartu ditugu, lau-bost egun bakarrik. Nekatuta gaude».
Lanbideak ordutegi berezia du, gainera. «Gu 02:00etan jaikitzen ginen, eta igandeetan 01:00etan, pentsa!» zehaztu du Galparsorok. Lo eguerdian egiten zuten, eta gauean oso-oso goiz joaten ziren ohera: «19:30ean afaltzen genuen». Hori, egun normaletan. «Aberiaren bat bazegoen, ez genuen apenas lo egiten».
Lan neketsua da, dudarik gabe, agian horregatik ez da inor animatu negozioari jarraipena ematera. Galparsorok azaldu duenez, langileak prest zeuden lanean jarraitzeko, baina ez zuten enpresaren ardurarik hartu nahi. Gainera, okindegien sektorearen egoera ez da garai batean bezalakoa, «justu-justukoa da». Bezero gutxiago dago, eta geroz eta gastu eta eskakizun gehiago.
Jendeak ez du lehen bezala erosten ogia, orain gehiago jotzen dute merkataritza gune handietara, batez ere asteburuei begira, baita sukaldaritzaren alorrean lan egiten dutenek ere: «Batzuetan pena ematen du jatetxe batera joan, eta hainbeste ordaindutako menu batekin hain ogi txarra jan behar izateak».













