Jubilatuek ekintzaz beteriko egunak dituzte zenbait herritan
Jubilatuen asteak dituzte Zaldibian eta Legorretan aste honetan. Seguran adinekoen eguna ospatuko dute igandean, eta Ataunen urriaren 2an.
Iazko jubilatuen astearen barruan egindako bazkariko argazkia.Zaldibiako Udala Izaten dira gazte eta kuadrilla egunak, baita kirol egunak edota kultura sustatzeko egunak. Bada, oraingoan, jubilatuak ere euren astearen ospakizun betean murgilduta daude Zaldibian eta Legorretan. Jubilatuak dira protagonista eta mota askotako jardueraz beteriko jardunaldiak dituzte.
Aktiboki antolatuta daude jubilatuak Goierriko zenbait herritan eta indar horren islada ere badira jardunaldi hauek. Zaldibian, Zaldibia oinez auzoetatik ekimeneko 2025eko lehenengo erdian egindako irteeren bideo emanaldiarekin hasi ziren atzo. Gaur, karta eta mahai jokoetan arituko dira 17:00etatik aurrera, eta bihar, berriz, bingo saioak izango dituzte, ordu berean hasita. Ostiralean, Ttipi-ttapa egingo dute Olaldeko parkean eta amaitzean, salda beroa banatuko zaie bertaratzen direnei.
Igandea izango da ospakizunetarako izango duten azken eguna. Hitzordu bikoitza egin dute: 11:00etan meza santua izango dute, eta eguerdian, berriz, jubilatuen bazkaria. Zubi-Buru elkartean egingo dute eta txartelak eskuragai daude 25 euroan. Jarduera irekiak dira eta bertaratu nahi duten guztiek dute parte hartzeko aukera.
Igandera arte
Legorretan, Aldaieta elkarteak antolatu du jubilatuen astea. Gaur, Ttipi-ttapa: onura fisikoa eta mentala hitzaldia egingo dute, 18:00etan, Odei Lopezek eta Iker Lasak. Bihar, 17:00etan bingoa, eta 19:30ean, patata tortillen dastaketa izango dute. Ostiralean, 17:00etan, karta, toka, potea eta igel jokoak izango dira, txorizo janarekin amaituz. Eta igandean, meza, hamaiketakoa, 14:00etan mahai-jokoen sari banaketa, bi omenduri aitortza eta 14:30ean bazkaria izango dira.
Ataunen eta Seguran
Seguran igandean (irailak 21) adinekoen eguna ospatuko dute. Meza izango da 12:00etan komentuan eta ondoren, omenaldi ekitaldia izango da plazan. Txistulariekin kalejiran joango dira Baratzera bazkaltzera. Bazkalondoren dantzaldiarekin amaituko da eguna.
Ataungo jubilatuek ere izango dute zer ospatu. Egun baterako hitzordua egin du Atsedentoki jubilatuen elkarteak, urriaren 2an. Eguerdian abiatuko dira Olaberriara, eta Olaberriko memoria historikoa dokumentala ikusiko dute. Arrieta jatetxean bazkalduko dute, eta 80 urte egin dituzten hamabost laguni omenaldia egingo diete. Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariek girotuko dute arratsaldea. 12:30ean abiatuko dira Ataundik. Aiatik irtengo da autobusa eta Kaxeta, Ergoiena, San Gregorio, Matasoro, Arrondo, Astigarraga eta San Martingo auzoetatik igaroko da. Bazkideek 22 euro ordaindu beharko dute, eta ez direnek 25. Atseden-Tokiko iragarki taulan eman daiteke izena. Irailaren 29a da azken eguna.













