‘Eros eta Afroditaren aitortzak’ musikalaren aurrestreinaldia, igandean Legorretan
Aniztasun sexuala ardatz, desirez, frustrazioez edota beharrez ariko dira oholtza gainean. 18:30ean izango da, doan, Legorretako Herri Antzokian.
Andoni Mutiloa eta Esti Curiel, Eros eta Afroditaren aitortzak musikaleko aktoreak. Elur Etxea Eros eta Afroditaren aitortzak ikuskizun berriaren aurrestreinaldia Legorretan egingo du Elur Etxea taldeak urriaren 12an. Elur Etxearen laugarren ikuskizuna izango da; zehazki, musikal bat da. Gai nagusia aniztasun sexuala da. Ekoiztetxearen hitzetan, «harreman heterosexual monogamoetatik kanpo gelditzen den Unibertso zabalean» jarri dute arreta: «Beste pertsonekin hain erraz partekatzen ez ditugun kontuei buruz hitz egingo dugu, besteak beste, gure sekretuez, desirez, frustrazioez, beharrez, ametsez…». Ia esan ezin direnez mintzatuko dira antzezlanean, eta, tartean, desiraren eraldaketak, harreman luzeetan sor daitezkeen automatismoak edo fideltasuna jarriko dituzte jomugan.
Bi aktore eta musikari bat izango dira oholtza gainean: Esti Curiel eta Andoni Mutiloa aktore gisa, eta Iñaki Santos aktore eta musikariak teklatuak joko ditu zuzenean emanaldian zehar. Miren Gojenola eta Andoni Mutiloa dira musikalaren zuzendariak. Antzeztu, kantatu eta dantzatu egingo dute aktoreek, Andoni Mutiloak azaldu duenez: «Kontatu egiten dugu, baina kantatu ere egiten dugu. Dena sortu dugu. Antzezlana sortu dugu baina abestiak ere espresuki horretarako sortu ditugu».
Estreinaldia Zumaian
Legorretan igandean 18:30ean egingo dute aurrestreinaldia, Herri Antzokian. Sarrera dohainik da, eta ez da gonbidapenik behar. Herritarrak animatu ditu Elur Etxeak egunean bertan antzokira gerturatu eta musikalaz gozatzera.
Legorretakoaren ondoren, estreinaldia Zumaiako Aita Mari antzokian egingo dute, hilaren 24an. Eta urte amaierara bitartean, beste bi emanaldi dituzte oraingoz aurreikusita: abenduaren 6an Astigarragan, eta abenduaren 13an Urkabustaizen.













