Itsasok gertuago du tokiko entitate txiki izateko aukera
Gipuzkoako Batzar Nagusietan aho batez hartu dute aintzakotzat foru arauaren aldaketa.
Itsasoko herri kaskoaren ikuspegia. Urrunxeago, Ezkioko herri kaskoa.Gotzon Aranburu Itsasok gertuago dauka tokiko entitate txiki izateko aukera, gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran aho batez hartu baitute aintzakotzat talde guztiek foru arauaren (2/2003ko martxoaren 17ko udal-barrutiak erregulatzen dituen foru-araua) aldaketaren proposamena. Joan den asteko asteazkenean eman zuen Gipuzkoako EH Bilduk proposamenaren bidearen berri: EAJrekin adostasuna lortuta, elkarrekin foru arauaren aldaketaren proposamena Batzar Nagusietan aurkeztuko zuten.
Gaur bilkuran foru arauaren proposamenaren aintzatespena bozkatu dute, eta guztiek aldeko botoa eman dute. Oraindik bere bidea egin beharko du proposamenak Batzar Nagusietan, baina aldeko bozkek adierazi dute bideari ekin diotela, prozedura martxan dagoela.
Foru arau horretan baldintza bat ezartzen da auzo udal edo tokiko entitate txiki izan nahi dutenentzat: 500 biztanleko muga gainditu behar izatea. Itsasok ez du muga hori gainditzen, ezta Angiozarrek (Debagoiena, Gipuzkoa) ere. Zelai Amenabarro Gipuzkoako EH Bilduren Politika Instituzionaleko arduradunak azaldu du bi salbuespen aurkeztu dituztela proposamenean: «Bata, 1960ko hamarkadan herritarren borondate demokratikoaren kontra batu zituzten udalerrian kasua; eta bestea, historikoki auzo udal, auzo alkate edo antzeko organoren bat izan duten biztanle gune bereizien kasua».
Atea zabaltzeko
Aldaketarekin bide emango zaie Itsasori eta Angiozarri tokiko entitate txiki izendapena eskuratzeko. «Eta aurrerantzean beste auzoren batek pausoa eman nahiko balu, atea zabalik edukiko luke». Amenabarrok adierazi du «urteak» daramatzatela horren zain. «Aurreko legealdian ponentzia bat eratu zen, baina gerora aldundiak ez zuen aldaketa proposamenik aurkeztu, eta beste hainbeste gertatu da legealdi honetan ere». Batzarkideek gaia jorratuko dute, eta Batzar Nagusietara eramango dute berriro, azken onespena emateko.
Eskaera historikoa
Gorabehera asko izan ditu auziak. 2016ko abenduaren 20an aldundiko dekretu baten bidez Itsaso Ezkiotik desanexionatu zuten, bi udalerri sortuta. Ia lau urte beranduago, 2020ko uztailaren 16an, Espainiako estatuko Auzitegi Gorenak dekretu hori baliogabetu zuen, errekurritzeko aukerarik gabe.













