Lemoizen aurkako borrokaren inguruko liburu aurkezpena Ordizian
Iñaki Petxarroman lanaren egilea izango da, bihar, D’Elikatuzen.
Iñaki Petxarroman kazetari eta idazle lasartearra. Aurtengo Goierriko Hamabostaldi Ekologikoaren azken jarduera berezia izango da, liburu aurkezpena eta solasaldia izango da bihar, osteguna, Ordiziako D’Elikatuz aretoan, 18:30ean. Ekitaldian, Iñaki Petxarroman kazetari eta idazleak aurkeztuko du bere azken lana: Lemoiz, herri garaipen bat nuklearizazioaren aurka, Txalaparta argitaletxearen eskutik argitaratua.
Liburuak Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borroka historikoa berreskuratzen du, proiektu hori geldiarazi zenetik 40 urte bete diren honetan. Petxarromanek garai hartan mugimendu antinuklearrean aritutako lagunak eta gatazkaren erdigunean jardun zutenak elkarrizketatu ditu, testigantza eta oroitzapen horien bidez herri borrokaren kontakizun kolektiboa eguneratzeko eta balioan jartzeko.
Ondoren, Edurne Huesa (Landarlan taldeko kidea) arduratuko da egilearekin solasean aritzeaz, energia ereduaren inguruko gogoeta bultzatuz.
Ekitaldia doakoa eta irekia da, eta ingurumenaz, historia garaikideaz eta herri mugimenduez interesatuta dauden guztiei zuzendua dago.













