Parketarrak ekimena gaur bueltatuko da
Beasaingo Udalak eta Hezten elkarteak euskararen erabilera sustatzeko ekimena Iturralde parkean izango da, asteazkenero.
Beasaingo Udalak euskararen erabilera sustatzeko ekimena jarriko du berriro martxan urriko asteazkenetan: Parketarrak. Kalean eta parkeetan jolasen bidez haurrek euskararekin lotura ludikoa izan dezaten helburua duen programa honek 3 eta 9 urte bitarteko haurrak ditu hartzaile.
Ekimen hau Hezten elkartearekin elkarlanean antolatuko da, eta Iturralde parkean egingo dira saioak (euria bada, Loinazko San Martin plaza azpira lekualdatuko dira). Jarduera gaur hasiko da, eta ondorengo asteetan, 15an, 22an eta 27an, jarraipena izango dute. Ordutegia 16:45etik 18:45era izango da.
Bi jolas-programa adinaren arabera
Parketarrak egitasmoak bi atal edo saio mota izango ditu, haurren adinaren arabera. Batetik, Zabu Zibu (16:45–17:45), 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat dena, betiere heldu batekin batera parte hartu behar dutelarik. Saio hauen helburua da guraso eta haurren arteko euskarazko jolasak sustatzea, elkarrekin jolasteko tresnak eskainiz.
Eta bestetik, Txirrintxon (17:45–18:45), 6 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoena, eta kasu honetan heldurik gabe parte hartzen dute, jolas dinamizatzaileen gidaritzapean.
Aisia euskaraz bizitzeko aukera
Beasaingo Udalak nabarmendu duenez “lehentasunezkoa da euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzea herritarren artean, eta batez ere belaunaldi gazteenengan”. Parketarrak ekimena horren adibide da, “aisialdia euskaraz bizitzeko aukerak sortzen baititu modu naturalean eta erakargarrian”.
Jarduera hauen bidez, “aisialdia eta jolasa euskararen transmisiorako gune bihurtzen dira, eta guraso zein familiei ere parte hartzeko deia egiten zaie”. Egitasmoa, halaber, herriko ikastetxeekin eta euskara eragileekin elkarlanean sustatzen da.
Beasaingo Udalaren hizkuntza politikan “lehentasunezko helburuetako bat da euskara ezagutu ez ezik, erabili eta bizitzea, baita eskolatik kanpo ere”. Hori dela eta, Parketarrak bezalako ekimenek, “haurrei aukera ematen diete euskara testuinguru ludiko eta atseginean erabiltzeko, jolasaren bidez, lagunen artean eta naturaltasunez”.













