Urteroko sagar zanpaketak eman dio hasiera 24. Sagardo Asteari
Dolarea martxan ikusteko aukera dago urriaren 18ra bitartean. Kirikoketa saioak, antzerkiak eta irteerak osatuko dute eskaintza. Bisitariek bi erakusketa ikusteko aukera ere izango dute.
Sagarraren zanpaketa gaur Igartubeitin, 24. Sagardo Astearen aurkezpenean. Josune Zarandona Sagar zanpaketaren erritualarekin eman diote hasiera gaur goizean Igartubeitin, 24. Sagardo Asteari; Igartubeiti baserri museoak Sagardoa Routerekin lankidetzan antolatuta. Urriaren 18ra bitartean izango da baserriko dolarea martxan ikusteko urteko aukera bakarra. Urtero bezala, prentsaketak zuzenean ikusteko aukera izango da, eta aurten bi erakusketak osatuko dute Sagardo Astearen egitaraua: Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain eta Nagusia hil da. Erlauntzaren inguruko erritua.
Ezkioko, eskualdeko eta Gipuzkoako hainbat instituzioetako ordezkarik hartu dute parte gaur goizeko aurkezpen ekitaldian. Bertan izan dira Kizkitza Ugarteburu, Igartubeitiko koordinatzailea; Joseba Telleria, Ezkioko alkatea; Jon Luqui, Urola Garaia mankomunitateko lehendakaria; Jakes Agirrezabal, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; Azahara Dominguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatua; Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Olatz Mitxelena, Sagardoa Routeko koordinatzailea eta Jon Arcaraz, Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain erakusketaren komisarioak eta Miriam Montano eta Telmo Sanchez, Nagusia hil da. Erlauntzaren inguruko erritua erakusketaren sortzaileak.
Urteko garrantzitsuena
Sagardo Astea «urteko ekitaldirik garrantzitsuena» da Igartubeiti baserri museoarentzat. Aste guztian zehar dolarea martxan eta sagarraren prentsaketa zuzenean ikusteko urteko aukera bakarra izango dute baserriko bisitariek, 11:30ean. Urriaren 11, 12 eta 18ko sagar jotzeetan kirikoketa talde bat ere egongo da, sagar jotzeen erritmoetatik sortutako soinua jendeari erakusteko. Gainera, egun beretan 11:15ean, antzezpenak ere egingo dituzte. Urretxu eta Zumarragako Karkamakros antzerki taldea eta Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarra Kortaberri familiaren azalean sartuko dira berriz eta XV. mendeko Igartubeiti bezalako baserri bateko familia baten egunerokoa gerturatuko diete bisitariei.
Iaz bezala, aurten ere, Legazpiko Lenbur Fundazioarekin elkarlanean, Txillida lantokia bisitatzeko aukera ere eskainiko da Sagardo Astearen barruan. Bisitak urriaren 11n eta 18an izango dira, 17:00etan eta gaztelaniaz. Plaza guztiak agortuta daude dagoeneko.
Aurkezpen ekitaldian parte hartu duten erakunde ezberdinetako ordezkari guztiak bat etorri dira Igartubeiti baserria «altxor» bat dela baieztatzerakoan, baita «zaindu beharreko» baliabide turistiko bat delako ustean ere. Igartubeiti «euskal identitatearen» ikur dela azpimarratu dute eta alde horretatik, «baliabide erakargarria» dela kanpotik gerturatzen den jendeari «gure kulturara eta historiara gerturatzeko». Sagardoa produktu bat baino gehiago, «paisaia, kultura, komunitatea edo artisau ekoizpena» dela azpimarratu dute.
4.500 kilo sagar zanpatuko dituzte aurten ere Sagardo Asteak irauten duen 9 egunetan. Ezkio eta Itsasokoen faltan, aurten Zerain eta Legorretarako sagastietatik ekarri dituzte sagarrak; museoak iraunkortasunarekin duen konpromisoarekin jarraituz, ingurukoak lehenetsiz.
Bisitariak goraka
Pixkanaka bada ere, Igartubeitira datozen bisitarien kopurua goraka doa, hein handi batean, Igartubeiti eta Sagardoa Routen arteko lankidetzari esker. Euskal Sagardoaren Ibilbideak asteroko maiztasunarekin antolatzen ditu irteerak Igartubeitira. Hiriburutik «gero eta jende gehiago» joaten da Igartubeitira, «orain arte zaila zen Donostiako jendea erakartzea», esan du Igartubeitiko koordinatzaileak.
Hain justu, hiriburua Gipuzkoa barnealdera hurbiltzeko, aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa sailak autobus zerbitzu bereziak antolatu ditu Sagardo Asteak irauten duen bitartean: «Donostiatik autobus zerbitzua indartuko da egun hauetan eta horretarako diru laguntza gehigarria eman zaio Gipuzkoako Sagardo elkarteari», zehaztu du Azahara Dominguez diputatuak.
Bi erakusketa
Egun hauetan Igartubeitira gerturatzen direnek bi erakusketaz gozatzeko aukera ere izango dute. Batetik, interpretazio zentroan ikusgai dago Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain. Mendeetan zehar, Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialetara egokitzen jakin duen arkitektura gisa irudikatzen da baserria erakusketan. Bestetik, Galbahe bekaren emaitza den Nagusia hil da. Erlauntzaren inguruko erritua dago ikusgai baserrian bertan. Erleen, heriotzaren eta errituen arteko harremana aztertzen da erakusketan. Sagardo Astea amaituta eta gero ere ikusgai izango dira.






















