Esanezin taldeak hirugarren diskoa Ordizian aurkeztuko du larunbatean
Ianire Aranzabe altzagarraren Esanezin taldeak 'Hormetan Idazten' diskoa argitaratu berria du. Ordiziarrock musika jaialdiaren barruan, larunbatean, 20:15ean izango da kontzertua.
Ianire Aranzabe altzagarra.Imanol G. Gurrutxaga Ianire Aranzabe altzagarraren Esanezin taldeak atera berri duen hirugarren diskoa aurkeztuko du larunbatean Ordiziarrock jaialdian. Hormetan Idazten lana udan grabatu dute Oiartzungo Mecca estudioetan. «Hormak oinarri direlarik» kantatu nahi izan du oraingoan Aranzabek, «izan ere nor ez da inoiz gelditu horma baten idatzitakoa irakurtzera?».
Era horretan, hormetan idatzi nahi izan du maitasun eskeaz, zauriez… eta gogorarazi nahi izan du «azken aldiek ez digutela abixatzen». Altzagarraren esanetan «horma batean idatzitakoa efimeroa da, gu garen bezalaxe. Une jakin batean norbaitek irakur dezake bertan idatzitakoa, edo inork irakurri baino lehen galdu daiteke».
Bederatzi kantuz osatutako Hormetan Idazten diskoa kontzertuetan eskura erosi ahalko da eta Internetez, Bandcamp plataformaren bidez.













