Hika Teatro taldeak 'Zorretan' lana taularatuko du Latxartegin ostiralean
Antzezlanak Donostia Antzerki Saria 2025 jaso zuen udaberrian. Sarrerak salgai daude interneten, baina egunean bertan ere erosi ahal izango dira leihatilan.
Antzerkiari eskainiko dio taulatua Legazpiko Latxartegi aretoak ostiralean. Hika Teatroa gonbidatu dute, eta Zorretan antzezlana eskainiko dute, 19:30ean hasita. Sarrerak salgai daude 10 euroan https://latxartegisarrera.sacatuentrada.es/ webgunean, baina egunean bertan ere erosi ahal izango dira leihatilan, 18:30etik aurrera.
Zorretan antzezlanak XXV Donostia Antzerki Saria 2025 jaso zuen, 2025eko martxoaren 27an. Umore zentzugabea eta tentsio uneak nahasten dituen tragikomedia da, eta maitasuna, amatasuna eta zaintzak aztertzen ditu. Bikote baten bizitza astinduko da emakumeak jakiten duenean ama beraiekin joango dela bizitzera. Barre eta gogoeta artean, etxeko kaosari eta iraganeko mamuei egin beharko diete aurre.
Agurtzane Intxaurraga da lanaren zuzendaria, eta Miren Gojenola zuzendari laguntzailea. Antzezleak, berriz, Miren Gaztañaga, Jabi Barandiaran eta Iñake Irastorza dira.













